Trenbidea lurperatzeko lanekin lotuta, merkataritza gunea eta aparkalekua batzen dituen egitasmoaren berri hedabideen bitartez jakin izana salatu du EAJk. Horren aurrean, giobernu taldeak Durangoko Udalak duen lako komunikazio-protokolo bat onartzea eskatu dio PSE-EEri, \'gobernatzen dituen erakundeetan martxan jartzeko\'.
Aitziber irigoras alkatearen arabera, hedabideetara jo aurretik, obra lizitazioari buruzko informazioa helarazi behar zuen Iñaki Arriola sailburuaren Herri Lan eta Garraio departamenduak: Durangoko Udalari eta baita merkatariei ere. Izan ere, merkataritza sektorean zuzenean eragiten dute-eta lan horiek. Horrela nabarmendu dute prentsa-oharrean. "Durangorentzat horren garrantzitsua den obra horri buruz informazio eza ikaragarria da, behin eta berriro. Desleialtasun instituzionalaren aurrean gaude, aurreko astean kaleratutako informazioak ikusita", dio alkate jeltzaleak. Gaineratu duenez, "argi dago behin eta berriro komunikabideetan agertzea baino ez duela gura Arriola jaunak, gure udalerriaren eta Euskal Herriaren mesedetan jardun beharrean".
Ildo horretan, "inoren teilatuari harrika egin beharrean", EAJren gobernu taldeak Durangoko PSE-EEri eskatu dio alderdiari Durangon komunikazio-protokolo bat onartu dezala eskatzea, eta, bidez batez, gobernatzen dituzten erakundeetan era eredugarri jardutea".
Irigoras "pozik" agertu da baita "EAJren eskariei esker" trena lurperatzeko lanak amaitzeko direlako; "durangarron bizi kalitatea hobetzeko berebiziko garrantzia duen obra". Ildo horretan, "gauden tunel honen amaiera ikustea espero" du.