Durangoko Tabira musika bandak egingo du bat, bihar, genero biolentziaren kontra Andra Mariko elizpean deitutako agerraldiagaz. Andereak elkarteak eguenero deitzen du elkarretaratzea 20:00etan, biolentzia matxista salatzeko.
Durangoko elkarteen parte hartzea eskatuz kanpaina berria abiatu zuen iazko urrian Andereak elkarteak. Indarkeria sexistaren kontrako kanpaina horrekin hamar elkartek baino gehiagok egin dute bat dagoeneko: Durangoko Orfeoia, kriskitin, Bategiñez, Karitas, Herria, Mas Curvas, Geube, Tronperri, Tabirako, Extremadurako eta Andaluziako kultur zentroak, +Dendak merkatari elkartea, Palentzia eta Gaztela-Leongo kultu zentroa, sartu-Zartu, Zeozer, DAZ, Stop Accidentes, Uztai taldea, Pasiñue, Iñurri eskaut taldea...
Gainontzeko elkarteen laguntzagaz, "gure gizarteko gaitz larria den indarkeria sexista bistaratu" gura dute Andereak elkartekoek. Hurrengo deialdian Durango Rugby Taldeak parte hartuko du, apirilaren 26an.