4.400 metro karratuko merkatal gunea eta hiru solairutako aparkalekua daude aurreikusita. Supermerkatua eta saltokientzako 16 eta 40 lokal artean kokatzeko lekua izango lituzke proiektuak.
Trenbide berriaren alboan egongo den merkatal gunea eta aparkalekuaren kontsezioa lizitatu berri du Eusko Jaurlaritzak. Lur horien ustiapenerako kontsezioaren hasierako iraupena 30 urtekoa izango da eta 4,4 milioiko inbertsioa egin beharko dute lehiaketa publikoaren irabazleek.
ETStik jakin eragin dutenez, lur azpiko geltokiaren -1.solairuan, 4.400 metro karratuko merkatal gune bat egongo da. Hasierako planteamenduan 1.800 metro karratu supermerkatu batentzat izatea aurreikusi dute, eta beste 1.700 metro karratu 40 eta 100 metro karratuko guneetan egongo lirateke banatuta, bertan saltokiz osatutako 16 eta 40 lokal artean zabaltzeko. ETStik adierazi dutenez, etorkizunean merkataritza guneak 12.000 metro karratu hartu ahal izango lituzke "hirigintza estandarra aldatzen ez bada".
Aparkalekuen kasuan, hiru solairutan 396 plaza erabilgarri atontzea aurreikusten dute. Alluitz kaletik egongo litzateke aparkalekurako sarrera. Azaldu dutenez, "helburu nagusietakoa garraio publikoen arteko intermodaltasuna bultzatzea da", eta horregatik, apartzeko lekuen %27 horretara bideratuko lituzkete. Beste % 21 abonatuei zuzendutakoak izango lirateke.
Lehiaketa esleitu eta gero, lizitatzaileari epea emango zaio behin betiko obra proiektua aurkezteko. ETStik jakin eragin dute, proiektu hori onartu, edo behar izanez gero aldatu egingo luketela.