Bizkaian lehenengoz sinatu dute horrelako lankidetza hitzarmena. Lan arriskuei aurre hartzeko plangintzak ohi baino merkeago jartzeko aukera izango dute horretara +dendak merkatari elkarteko bazkide diren Durangaldeko 195 establezimenduk.
Asepeyo Prebentzio Elkarteagaz sinatutako hitzarmenaren bitartez, beste enpresa batzuk eskainitako baino %50 merkeago izango dituzte eskura hainbat zerbitzu. Askotan autonomoek daroazen enpresa txikietan lan istripuak ekiditzea lortu gura da horrela: "Elkarteko establezimenduen herenetik gora pertsona bakarreko enpresak dira, autonomo den langile bakarrak dihardu, eta ezer gutxi edo batere ez dizkio ardura izan ditzakeen lan arriskuek. Horregaitik istripuei aurre hartzeko neurriak hartzea eta formazioa erraztu gura dizkiogu", dio +Dendak elkarteko presidente Guillermo Oarbeaskoak.
Lan arriskuei aurre hartzeko plangintza indibidualizatua izango dute Asepeyogaz lotutako hitzarmen horren baitan batutako zerbitzuak jaso gura dituzten merkatariek. Era berean, aurrez aurre zein internet bidez lan arriskuei buruzko informazioa jasotzeko aukera izango dute; baita mediku azterketak ere.
Establezimendu txikietan ere lan istripuak gerta daitezkeela gogoratu du Oarbeaskoak, ez bakarrik arriskudun herramintak erabilita, adibidez, harategietan aiztoekin: "Eguneroko gertaerak arriskutsuak izan daitezke komertzio txikietan, halanola, generoa biltzerakoan, batez ere, establezimenduak egokiak ez diren azpiegiturak mantentzen baldin baditu".