Klima aldaketaren aurrean, argiak itzaliko dituzte

Anboto 2012ko mar. 30a, 08:30

Klimaren aldaketaren kontra mundu mailan deitutako mobilizazioekin bat egingo du Durangok. Horrenbestez, martxoak 31n, 20:30ean, eraikin eta iturri publikoetako argiak itzaliko dituzte, erakutsi guran \'berotze globalari bat eginda bakarrik egin ahal zaiola aurre\'

Klimaren aldaketaren kontra mundu mailan deitutako mobilizazioekin bat egingo du Durangok. Horrenbestez, martxoak 31n, 20:30ean, eraikin eta iturri publikoetako argiak itzaliko dituzte, erakutsi guran \'berotze globalari bat eginda bakarrik egin ahal zaiola aurre\'.

 

WWF-ren Lurraren Ordua kanpainagaz bat egingo du Durangok, zapatuan. Horretara, klima aldaketaren kontrako "borrokaren adierazgarri" moduan udal eraikin ezagunak itzaliko dituzte: udaletxea, Lariz dorrea, Arte eta Historia Museoa eta Santa Arkua. Munduko 6.000 hirietako biztaneak mugiaraztea da aurtengo kanpainaren helburua.

 

Lurraren Ordua kanpainak herritarren parte hartzea bultzatu gura du, azaldu dutenez; baita udalak, enpresak, ikastetxeak, unibertsitateak, hedabideak eta ekimen global horrekin bat egin gura duen bestelako erakundeak ere. "Guztiak aktore inportanteak dira-eta klima aldaketan eragiteko".

 

WWF-ren Lurraren Ordua lehenengoz 2007an egin zen, herrialde bateko hiri baten bakarrik. 2009an, 88 herrialdetako 4.159 hiritako monumentu ezagunenen argiak itzali ziren, eta, 2010ean, 135 izan ziren parte hartu zuten herrialdeak. "Ekimenak 1.000 milioi pertsonek bat egitea lortu zuen; munduko biztanleriaren ia seirenak".

 

Durangok 2009an egin zuen bat lehenengoz Lurraren Ordua kanpainagaz: "Klimaren Aldaketaren kontrako udal ordenantza onartzea eta CO2 isuria gutxitzeko hartutako konpromisoa izan ziren horretarako arrazoiak.  Aurten onartu den Negutegi-efektua sortzen duten gasak gutxitzeko Klimaren Aldaketaren Aurkako Programaren (2012-2015) bitartez lortu gura dute azken konpromiso hori".

 

Mugikortasun jasangarriari begira hartuko dituzte neurriak aurrera begira  Durangon CO2 isuriak gutxitzeko : joan-etorriak bizikletan egitea bultzatu gura da; energia kontsumoa murriztu udal-argiteria publikoan eta udal eraikinetan; etxebizitzak eta bulegoak eraikitzerakoan 2008an onartutako ordenantza beteaz ingurugiroa hobetzeko neurriak betearaziko dira; eta jabekideen komunitateetan gutxiago kutsatzen duten berogailu sistemak aldatzea sustatu gura da, besteren artean. Horrela jakin eragin du Udalak ohar baten bitartez.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!