"Lan erreformagaz beldurra sartu gura digute; debekatuta daukagu gaixotzea"

Anboto 2012ko mar. 30a, 09:37

Lan erreformak dakarrenaren erakusle da Fode Niakate Durangaldean. Absentismoagatik eskualdean kaleratu duten lehenengo behargina da. Malitarrak Fumbarri galdategian sei urte egin ditu lanean. Rebarban ziharduen, galdategi bateko lanik gogorrenean. LABek bere kasua ezagutzera eman du. Jon Ugarte da LAB sindikatuko delegatua Fumbarrin. 23 urte daramatza galdategian beharrean

Lan erreformak dakarrenaren erakusle da Fode Niakate Durangaldean. Absentismoagatik eskualdean kaleratu duten lehenengo behargina da. Malitarrak Fumbarri galdategian sei urte egin ditu lanean. Rebarban ziharduen, galdategi bateko lanik gogorrenean. LABek bere kasua ezagutzera eman du. Jon Ugarte da sindikatuko delegatua Fumbarrin. 23 urte daramatza galdategian beharrean.

 

Nola gertatu da kaleratzea?

Fode Niakate: Aurrez abisatu barik, martxoaren 9an kaleratze gutuna eman zidaten. Irailean, urrian, azaroan eta otsailean denbora laburreko baja batzuk hartu nituen, medikuak justifikatuta, eta horixe dela arrazoia argudiatzen du enpresak.

 

Bide sindikaletik zein pausu eman duzue?

Jon Ugarte: LABen enpresagaz negoziatu gura izan dugu, baina ez dute horretaz berba egin gura  izan. Orain kaleratze bidegabea izan dela salatuko dugu. Gainera, lan erreforma otsailean onartu zuten, eta baja hauek aurretik hartutakoak dira. Beraz, araudi berria atzera begirako bajei aplikatzen dabiltza.

 

Zer nolako bajak izan ziren?

F. N: Lunbagoagatik izan ziren bajak. Rebarban lan egiten dut, galdategi bateko zereginen artean gogorrena izaten da. Oso fisikoa. Medikuak baja eman zidan, Mutuek ez baitituzte gaixotasun hauek baja profesional moduan kontsideratzen. Orain, kalean nago.

 

Mutuen jarrera zelan baloratzen duzue LABen?

J. U.: Mutuak enpresen zerbitzura ari dira lanean. Badira gaixotasun asko baja profesional moduan kontsideratzen ez dituztenak. Norberak frogatu behar du gaixotasun profesionala dela. Hortxe dago absentismoaren arloan egiten duten tranpa. Mutuek eta medikuek ere badakite baja asko profesionalak izan beharko liratekela. Langileak enpresara gaixorik joatera behartzen dituzte.

F.N.: Rotaflexaren zauri batekin joan nintzen behin Mutuara. Bost puntu eman zizkidaten eta jarraian lanera joan nintzen.

 

Lan erreformak nola arautu du absentismoa?

J. U.: Lehen ere absentismoa kaleratzeko arrazoia izan zitekeen, baina enpresako absentismo tasagaz lotuta zegoen. Orain, langilearen absentismo tasa bi hilabetetan %20koa bada, hau da, bederatzi egunekoa, enpresak behargina kaleratu ahal du. Lau hilabetean %25 bada, nahiz eta jarraian ez izan, langilea lan barik geratu ahal da. Galdategi bateko lana hain gogorra denez, absentismo tasa nahiko altua da. Fumbarrin, %13koa da.

 

Zein irakurketa egiten duzue?

J.U.: Lan erreformak gaixorik ezin zaitezkeela jarri esan gura du. Lan fisikoa egiten den enpresa baten kasua da hau, gainera. Langileoi beldurra sartu gura digute. Kaleratzeak martxan jartzeko erraminta guztiak ditu enpresak. Debekatuta daukagu gaixotzea.

 

Fumbarrin orain hilabete batzuk greban egon zineten.

J.U.: Hilabeteko greba egin genuen joan zen urriaren 18tik azaroaren 18ra bitartean. Lan erregulazioa aplikatzeko kaleratze traumatikorik ez zela egongo adostu genuen enpresagaz, eta gero langile bi kaleratu zituzten. Kaleratze gehiago egon zitezkeelakoan, kalera irten genuen gure eskubideak aldarrikatzera.

 

Lanean zelako giroa bizi duzue?

J.U.: Fumbarriren kasua berezia da. 84 langile inguruk egiten dugu lan, eta horietatik 20 bazkideak dira. Grebatik hona gure arteko hartu-emanek okerrera egin dute. Lanean zure alboan dagoena, lankidea izateaz gainera bazkidea da.

 

Enpresa zelan doa ekonomikoki?

J.U.: Fumbarri 2010ean ez zen ondo ibili, baina gainerako urteetan irabaziak egon dira. Zapatuetan ere joan izan gara lana aurrera ateratzera.

 

Euskal Herrian bada honelako beste kasurik?

J.U.: Konekta enpresan 11 andra kaleratu dituzte azken bi hilabeteetan, lanaldiaren %20 baino gehiago bajan ematearren.

 

Badago beste ordezkari sindikalik enpresan?

J. U.: LABek hiru ordezkari ditu eta CCOOek bi. Larria deritzogu CCOOk enpresaren erabakia ontzat ematea. Guk Foderen kasua defendatzen jarraituko dugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!