Aldundiak eratutako ekitaldia 20:00etan hasiko da, Andra Marin.
Josune Ariztondo Kultura diputatuak, Aitziber Irigoras alkateak eta Egoitz Rodriguez Baleuko etxeko zinegileak aurkeztu dute barikuko ekitaldia. Durangorako ez eze, Gernikarako ere ikuskizuna iragarri dute, kasu honetan apirilaren 20an. Zerutik sua dator! dokumentalagaz hasitako bidean jarraitu gura dute ekitaldiokin. \'Sua eskurik esku, lekurik leku\' izena ipini diote egitasmoari. "Duela 75 urteko su hori, su eraikitzaile bihurtu gura dugu", adierazi du Ariztondok.
Andra Mari elizpean garatuko den ikuskizun narratiboan Martxoak 31 musika taldearen Aspaldiko negu batean abestia izango da ardatz. "Estrofa bakoitzak bonbardaketan zehar jazotakoaren une zehatz bat aurkezteko balioko digu", azaldu dute. Musika, irudia, dantza eta Durangaldeko hainbat udaletako ordezkarien esanak batuko dituzte. Etxe musikariaren eta De Norte a sur dantza taldearen partaidetza aipatu dute, esaterako. Durangogaz senidetuta dagoen Alemaniako Dresden herriko haur talde batek ere bideoa prestatuko du barikurako.
Rodriguezek esan du dokumentala hasieran uste baino parte-hartzaileagoa izan dela, lan kolektibo eta sozialean. Gainera, "herrietan dinamikak sortzen" lagundu ei du; memoriagaz lotutako elkarteak ere sortu dira zenbaitetan, azaldu duenez.