Tabernen ordutegi berrien kontra batu dira elkarteak

Anboto 2012ko mar. 23a, 08:57

Apirilaren 3an Legebiltzarrera joko dute hainbat auzokideren elkartek, tartean Durangoko DAZek

Apirilaren 3an Legebiltzarrera joko dute hainbat auzokideren elkartek, tartean Durangoko DAZek.

 

Tabernak ordu gehiagoz zabalik egon ahal izateko lege dekretua, euren iritzia kontuan hartu barik egin izana gaitzetsi dute hainbat auzo elkartek. Durangon egindako batzarraren ondoren adierazi dute apirilaren 3an Eusko Legebiltzarrera joango direla euren iritzia azaltzera.

 

Legebiltzarrera eroango duten testua aurkezteko agerraldian, Bilbo, Durango, Donostia eta Gasteizko alde zaharretako elkarteak, Zarataren Kontrako Elkartea eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa egon dira.

 

Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari lege dekretua berriz aztertu  eta aldatzea eskatuko diete elkarteetako kideek. Udalekin ere hasi dira hartuemanetan, dekretua atzera botako ez balitz taberna bakoitzaren kasua aztertzeko.
Javier Rodriguez Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko presidenteak aldarrikatu duenez, “auzokideen atseden eskubideak lehentasuna dauka ostalarien interes ekonomikoen aurrean”.

 

Euren eskakizunen artean, udaltzainek ordutegiak kontrolatzeko beharra egitea eta araudiz kanpoko zaratak ekiditeko intsonorizazioa ziurtatzea daude, horrela tabernek eragindako zaraten saturazioa kontrolatzeko.

 

 

“Ez du krisia konponduko”

 DAZeko Agurtzane Idigorasen iritziz, lege dekretuak ez du ostalaritzako krisia konpontzen lagunduko: “Kontsumitzeko dirurik ez badaukagu, ez dugu gehiago kontsumituko tabernak ordu gehiagoz zabalik egonda ere”.

 

\"\"

 

 

 

“Zarata eta iskanbilazko ordu bete gehiago edukiko dugu”

 

Durangoko Alde Zaharra (DAZ) elkarteko kideen berbetan, “lege dekretuagaz lortuko den gauza bakarra auzokideen atsedena eragozten duten ekintzak ordu betez luzatzea izango da; zarata, txisa, bandalismoa...”. Auzokideen elkarteak gaia Hirigintza Batzordean lantzeko eskatu du, eta udalaren erantzunaren zain daudela adierazi dute.

DAZeko Jose Mari Arrillagak gogoratu duenez, 2008an Agenda 21eko ekintzen artean Zarataren Mapa osatu zuten: “Orduan frogatu zen guk esaten genuen lekuetan zaratak dezibelioen muga pasatzen zuela”. Azterketa horren ondoren, baina, “ez da ezer egin”.

Momentu honetan dauden arauak ez direla betetzen salatu dute DAZeko kideek. “Udaltzainek, esaterako, gaueko jarduna gehiago kontrolatu beharko lukete”, adierazi du Agurtzane Idigorasek, “baina eurak teknikari hutsak dira; erabakiak politikarien esku daude”.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!