Udalak publizitatera bideratzen duen dirua arautzea eskatu dute

Anboto 2012ko mar. 23a, 08:55

Oposizioko alderdi guztiek bat egin dute kopuruak zehaztu eta banaketa irizpideak ezartzeko eskaeran

Oposizioko alderdi guztiek bat egin dute kopuruak zehaztu eta banaketa irizpideak ezartzeko eskaeran.

 

Aralar, Bildu, PSE eta PP alderdiek  idatzi amankomun baten bidez jakinarazi dutenez, Ogasun eta Barne erregimen batzordea deitzeko eskatu diote alkateari (EAJ). Batzorde horretan udalak publizitate eta propaganda kontzeptuengatik gastatzen duen diru kopurua zehaztea gura dute. Horregaz batera, gastu hori egiterakoan irizpideak ezartzea beharrezko ikusten dute.

 

Era berean, udal erakunde autonomoetan eta enpresa publikoetan administrazio kontseilua deitzea gura dute, helburu berberekin: publizitate ekintzetara bideratutako diru kopurua zehaztea eta hemendik aurrerako irizpideak adostea.

 

Eskatutako eztabaidak ahalbidetzeko, “azken hiru urteetan propaganda eta publizitatean gastatutako diru kopurua zer enpresa edo komunikabidetan gastatu den eta zer nolako irizpideak erabili diren zehaztea eta talde politiko guztiei helaraztea”, eskatu diote alkateari.

 

Ogasun eta Barne erregimeneko batzordea deitzeko Toki Erakundeen Antolaketa eta Funtzionamenduko dekretu bat eta Toki Araubideko Oinarriak ezartzen dituen lege bat baliatu ditu udaleko oposizioak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!