Norma denak hautsiko ditugu! lemapean ekitaldi sorta antolatu dute gaurko, Landakon.
Kalera irten, eta sexu askatasunaren aldeko jaia antolatu du Gaztehgam mugimenduak: Gazte Burdela. Gaur arratsaldetik aurrera Landako Gunean egingo da jai hori lehenengoz, Norma denak hautsiko ditugu! lemapean.
“Gaur egungo sistema heteropatriarkalari era zirikatzaile baten aurre egiteko” antolatu dute Gazte Burdela.
Gazehgameko kide Markel Ganboak azaldu duenez, “sistemari buelta eman behar diogula uste dugu, ezin garela konformatu norma batzuekin; hierarkiak eta ghettoak sortzen dituen sistema, baten bati kalte egiten diona, ezin da ona izan”.
EHGAMen urteurrena
Gazte Burdelean, bide batez, EHGAMen 35. urteurrena ospatuko dute. Sexu askapenaren aldeko elkartea Durangon sortu zelako erabaki dute lehen Gazte Burdela Durangon egitea. Ganboak azaldu duenez, “35 urtetik hona aurreratu egin dugu baina oraindik ere asko geratzen da genero bako sistema bat sortzeko”.
Elkartea Durangaldean ezagutaraztea ere bada gaurko jaiaren helburuetako bat: “Norma horiei aurre egiteak askotan beldurra ematen duela badakigu, eta mugitzeko deia egin gura dugu”.
Egitaraua
Gazte Burdelak 16:00etan zabalduko ditu ateak eta Sistema Zikindu izenburupean, erakusketa, material txokoa eta Pornoterrorismo liburuaren aurkezpena eta tailerra egongo dira. 18:00etan manifestazioa hasiko dute eta amaieran ekitaldi politikoa edukiko dute. 20:00etan kontzertuak hasiko dira Hesian eta Gose taldeekin.