Artxibo historikoa udaleko webgunean ikusgai

Anboto 2012ko mar. 21a, 11:03

Ia sei urteko digitalizazio lana egin eta gero herritarrek kontsultatzeko moduan dira antzinako hainbat akta, paper sorta eta kontu liburuetako zatiak. XV.mendeko dokumentuak dira zaharrenak

Ia sei urteko digitalizazio lana egin eta gero herritarrek kontsultatzeko moduan dira antzinako hainbat akta, paper sorta eta kontu liburuetako zatiak. XV.mendeko dokumentuak dira zaharrenak.

 

Kontserbatzen den lehen dokumentua 1405eko akta bat da, eta Erdi Aroko letra mota korapilotsuetan dago idatzita. Interneten, www.durango-udala.net/artxiboa helbidean daude ikusgai artxibo historikoko dokumentuak. Aitziber Irigoras Durangoko alkateak azaldu duenez, "artxiboaren zati mardul bat" digitalizatu dute, "zaharrena eta garrantzitsuena".

 

Artxiboetako batzuk nahiko egoera eskasean egon dira, eta  horiek kontserbatu eta hedatzeko premia zegoela nabarmendu du Irigorasek: "dokumentuak fisikoki ukitu barik kontsultatu ahal izatea euren kontserbaziorako ona da, eta internetez edonoren eskura ipini gura genituen".

 

Aktak, paper sortak eta kontu liburuetako zatiak kontsultatu daitezke web gunean, bilaketa eginda, edo urtez urteko PDFak kontsultatuta. Etorkizunean aldizkariak, jaietako programak eta argazkiak digitalizatzeko asmoa daukatela jakin eragin du alkateak.

 

Durangon bertan gordeta

Alkateak gogorarazi duenez, "Durangok bere artxibo historikoa mantendu izan du". Beste herri batzuetan dokumentuak Bizkaiko Foru Aldundiri eman izan dizkiote, baina Durangok ez. Museoan lehenengo, eta orain liburutegiko sotoetan daude artxibo horiek. Oraindik aurrera, ikertzaileek fisikoki ikertu ahalko dituzte, fisikoki egitea eurentzako ezinbestekoa denean bakarrik. 

 

Digitalizaziorako eta web guneko proiekturako Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzak izan ditu udalak. Faltadiren dokumentuak  apurka-apurka digitalizatuko dute udalaren beraren baliabideekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!