"Jendea oso atsegina da eta asko laguntzen naute"

Anboto 2012ko mar. 25a, 09:35

Durangon daroan bizimodua azaldu du Vicki Gill 22 urteko neska gazteak, eta garrantzitsuena jendearen izaera dela

\"\"Durangon daroan bizimodua azaldu du Vicki Gill 22 urteko neska gazteak, eta garrantzitsuena jendearen izaera dela.

 

Liverpooleko unibertsitateko ikasle hau Durangoko  San Antonio-Santa Rita ikastetxera etorri da, irakasleen laguntzaile aritzeko. Hizkuntzak ikastea eta erakustea maite du. Hemen, gaztelera praktikatzea du helburu. Durango txikia izatea gogoko du, kalera irtetzean beti ezagunen bat topatzen ei du-eta.

 

Zer dela-eta zaude Durangon?

Ingalaterran, hizkuntzekin lotutako karrera egitean, hirugarren urtean kanpora joan beharra izaten dugu. Europako Hizkuntza Modernoen karrera egiten nabil, frantsesa, alemaniera eta gaztelera ikasten. Lehenengo hiruhilekoan Frantzian egon nintzen, eta gero Espainiara joan gura nuen. Lehendik umeekin praktikak egindakoa naiz, eta horrelako lan bat ere gura nuen. Nire amaren lagun batek hemengo emakume bat ezagutzen du, eta azken honek ikastetxeko irakasle bategaz dauka hartu-emana. Horrela heldu naiz hona.

 

Irakasleei laguntzea da zure funtzioa.

Bai. Ingelera irakasleei laguntzen diet klaseak ematen, batez ere ahozkotasuna landuz. Denbora daukadanean frantsesezko eskoletan ere laguntzen dut. Gainera, hamabostean behin Lehen Hezkuntzakoekin egoten naiz, mimika edota umeentzako  jolasak eginez.

 

Sei aste daroazuz hemen. Zelan moldatzen zara?

Ondo. Ikastetxean ez nuen gaztelera ikasi, eta unibertsitatean orain urte bi ikasi arren, ez neukan praktikarako aukera handirik. Hona heltzean ezin nuen berba asko egin, baina jende guztia oso atsegina da eta asko laguntzen naute. Orain gaitasun handiagoa daukat; gaztelera maila hobetzea da nire helburu nagusia. Ikasle baten familiak hartu nau bere etxean, eta alaba banintz legez nago eurekin.

 

Euskara ezagutzen ere ari ei zara...

Eskerrik asko, bai, ez, egunon, jantoki edota antzoki berbak dakizkit momentuz. Unibertsitatean datorren ikasturtean euskara ikasteko aukera edukiko dut, eta irakasle bat laguntzen hasi zait horra begira. Baina gaztelera baino askoz gaitzagoa da!

 

Zertan ematen duzu denbora librea? Zer afizio daukazu?

Gimnasiora joaten naiz, eta spinning ere egiten dut. Dibertigarria da, monitorea batzuetan ez dut ulertzen-eta! (barrez). Gau batzuetan irten dut, eta interesgarria da. Taberna asko dago bata bestearengandik hur; han taberna batean egon eta gero diskotekara joan ohi gara, eta hemen zortzi tabernatan egon naiteke gau batean. Dantzatzea oso gustuko dut, eta ondo dago hemen jende guztiari gustatzen zaio-eta. Bestalde, orain aste bi Madrilen egon nintzen, eta uste dut Donostiara joango naizela familiagaz. 
 

Aldea igarriko zenuen hango eta hemengo bizimoduen artean...

Jateko ordua da desberdinena, baina baita komertzioak ixteko ordua ere: ez nekien hiru orduz ixten zirenik. Hemengo jatekoa gurago dut. Frijituak eta magdalenak egiten ikasi dut, lantzean behin etxeko sukaldean laguntzen dut-eta. Jendea hemen Ingalaterran baino jatorragoa da; bizimodu lasaiagoa dute gustuko.

 

Zer da Durangon gehien gogoko duzuna?

Txikia da Durango, eta hori gogoko dut, kalera irtetzean beti ezagunen bat ikusten dudalako. Mendia egunero ikusi ahal izatea gustatzen zait. Baina jendea atsegina izatea da garrantzitsuena, hala ez balitz ez nintzateke pozik egongo-eta.

 

Zelako ingelera maila topatu duzu ikastetxean?

Orokorrean maila altua dagoela esango nuke. Bigarren Hezkuntzan, esaterako, berba oso ondo egiten duten ikasleak daude. Erraztasunez egin dezakegu berba.

 

Zelan zabiltza karreran?

Lau urteko karrera da eta urtebete geratzen zait amaitzeko. Unibertsitatea amaitzean ez dakit seguru zer egingo dudan, baina akaso irakasle izango naiz. Gobernuak hizkuntzen irakasleak behar ditu, beraz, baliteke. Umeekin behar egitea ere asko gustatzen zait. Edozelan ere, hori baino lehen bidaiatu egin gura dut, esperientzia berriak ezagutzeko.

 

Hizkuntza-zalea zarela ikusten da.

Bai, hizkuntzena eta kulturena ere bai. Gaztelera gustatzen zait gehien, gero alemaniera eta azkenik frantsesa. Gramatika aldetik oso gaitza da frantsesa. Gainera, hango jendea ez da batere sinpatikoa. Frantsesez berba egitean, egunero esaten zidaten ez zela zuzena. Baina bai, hizkuntzak, kulturak eta ohiturak ezagutzea asko gustatzen zait.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!