Udal eraikinetako amiantoa ikertzea adostu du udalak

Anboto 2012ko mar. 17a, 08:43

Asviamie elkarteak proposatutako azterketa aho batez onartu du udalaren Ingurumen Batzordeak

Asviamie elkarteak proposatutako azterketa aho batez onartu du udalaren Ingurumen Batzordeak.

 

Udaletxea, Lariztorre, Garai jauregia, Arte eta Historia Museoa...Amiantodun udal eraikinen zerrendan 20 azpiegitura inguru daude. Hainbat proposamen aurkeztu ditu Asviamiek,  Euskal Herriko Amiantoaren Biktimen Elkarteak, Durangoko Udalaren Ingurumen Batzordean. Udal eraikinetan dagoen amiantoa detektatzeari lehentasuna eman dio udalak. Izan ere, kutsadura amiantoa manipulatzean sortzen dela diote adituek.

 

Material hori detektatu eta konponketa edo obra bat egin behar bada protokoloa jarraitzea da asmoa, udal beharginen eta herritarren osasuna babesteko. 2002an legez debekatu zuten arren, 1965etik 1985era bitartean galdategi eta eraikuntzan erruz erabili zen amiantoa.

 

Udal ordezkariek elkartearen ardura konpartitzen dutela azaldu dute. EAJk aurrekontu proposamenean ikerketa egiteko 10.000 euro aurreikusi ditu,ikerketa osoaren kostuaren herena. “Amiantoa oso arriskutsua dela jakinda, beharrezko ikusten dugu udal eraikinetatik kentzea”, dio EAJk.

 

\"\"Bilduko Arrate Elkorok azaldu duenez, Asviamie elkarteak proposatutako gainerako puntuak aurrera eramatea beharrezkotzat jotzen dute. Besteak beste, ordenantza arautzaile bat sortzea, herritarrei informazioa ematea eta diru-laguntzak ematea proposatzen dute.

 

IIdo horretatik, Aralarreko Iker Urkizak garrantzitsutzat jotzen du amiantoa kendu gura duten herritarrei diru-laguntzak eskaintzea. Gainera, ikerketa bi fasetan egin gura bada, udalak diru hori erreserbatzea eskatu du.
PSE-EEko Idoia Agorriak herritarrak kontzientziatzeko beharra azpimarratu du obra eta erreformetan amiantoaren prebentzio eta kontrolari dagokionez. Gogoratu duenez, San Faustoko frontoiko teilatuan zegoen amiantoa erretiratu zutenean protokoloa jarraitu zuten: “Udalak exenplua eman behar du”. PPko Juan Jose Gaztañazatorrek ere inbentarioaren garrantzia nabarmendu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!