Trenak libre utzitako espazioan zer egin argitzeko

Anboto 2012ko mar. 9a, 10:31
\'Durango Operazioa\' deitutakoa berraztertzeko premia ikusten dute Durangoko talde politikoek

‘Durango Operazioa’ deitutakoa berraztertzeko premia ikusten dute Durangoko talde politikoek.

 

Trenbidea lurperatu eta gero Durangon 60.000 metro koadro geratuko dira hutsik. Udalak Eusko Jaurlaritzagaz lursail horretako zati batean, besteak beste, Zaha Hadid arkitektoak diseinatutako Euskotrenen egoitza eta luxuzko bost etxebizitza dorre egitea aurreikusi zuten  Barne Berrikuntzarako Plan Berezian.

 

Baina, trenen tailerretan eta kotxelekuen espazioan zer joango den ez dago argi. Garraio Sailak Euskotrenen egoitza ez dela egingo esan zuen 2010ean, baina etxebizitza dorreei buruz ez du ezer esan eta eraikitze eskubideak Jaurlaritzak ditu. Beraz, Durango  Operazioa deitutakoaren zati bat ez da egingo, eta bestearekin zer egingo duten ez dago argi. Obrek hiru urteko atzerapena dute, eta eraikuntza sektorea krisian dago.  

 

Alderdien ikuspuntuak

Durangoko EAJk trenbideko lurzoruan herriko “zati biak lotzeko” gune bat atondu gura du: zumardi bat, bizikletaz eta oinez ibiltzeko, eta autoak “garajeetara edo etxeetara sartzeko bakarrik”. Horretarako, Eusko Trenbide Sareak trenbidearen lurrak doan ematea eskatu dute jeltzaleek.

 

Jon Bingen Landabidea Bilduko zinegotziaren berbetan, “ etxebizitza ugari egin gura zituzten eta ez zuten zerbitzu azpiegiturarik planteatu. Horrelako proiektu handi bati ekin aurretik Durangoko premiak zeintzuk diren jakiteko azterketa soziodemografiko bat egin beharko litzateke”.

 

Durangoko PSE-EEren ustez, libre geldituko den espazioari “erabilera arrazionala” emateko irtenbideak aurkitu behar zaizkio, “guztiari uko egin barik, baina guztiok hipotekatu barik”. Lursaila hainbat instituziotako bulegoak batzeko aproposa izan daiteke sozialisten ustez. Udala, Lanbide, Jaurlaritza eta Segurantza Soziala aipatu ditu bere proposamenean.

 

Aralarreko Dani Maezturen iritziz, “Jaurlaritza eta udala berba egitera jesarri beharko lirateke”. Durango Operazioa “ahaztu eta zerotik hasi behar da”, Maezturen ustez. Euskotrenen tailerrak eta kotxetegiak dauden lekuan zerbitzuetarako leku bat aldarrikatzen du Aralarrek eta, besteak beste, bertan Kirolene ikastegiarentzako egoitza berria  egitea.

 

PPko Juanjo Gaztañazatorrek “argitzeko gauza asko” ikusten ditu, eta Jaurlaritzari proiektuko moldaketak egingo dituen azaltzeko eskatu dio. Espazio horretan etxebitziak egitea begi onez ikusiko luke PPk, baina ez 18 solairuko dorreak: “Durango ezagutu eta maite dugun guztiontzat horrelako dorre altuak eraikitzeak herria apurtzen duelako”.

 \"\"

 

 

 

Trenbidea garbitzeko lanen finantziazioa eztabaidan

 

Egungo trenbidearen elementuak kendu eta lurren kutsadura garbitu beharko da trenbide berria lurperatzean. Lan horiek nork ordaindu behar dituen eztabaidatu zuten pasa den astean Eusko Legebiltzarrean. Obrak Jaurlaritzaren eta udalaren artean finantziatzeaz mintzatu ziren. Alderdi gehienen iritziz, Eusko Trenbide Sarearen ardura da.


Jaurlaritzak, gainera, bost etxebizitza dorre eraikitzeko eskubideagatik 4.200.000 euroko gainbalioa ordaindu behar zion udalari, hasierako BBPNan azaldu zenez. Diru hori trenbideko etorbidea atontzeko erabili gura zuen udalak. PSE-EEren iritziz, ordea, orain ez dago horrelako dirurik, gainbalioa lehen baitzegoen, higiezinen egoera beste bat zenean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!