2012an eraikinetan egon daitekeen amiantoa aztertzea aurreikusi dute

Anboto 2012ko mar. 9a, 12:41
Durangoko Udaleko gobernu taldeak aurrekontuen zirriborroa aurkeztu die talde politikoei. Iazkoa baino % 14 baxuagoa izango den aurrekontua aurreikusi dutela azaldu du Aitziber Irigoras alkateak. Gizarte saileko eta lankidetzarako diru atalak mantendu egingo lituzke udalak, eta inbertsioen artean, eraikinetan amiantoa bilatzeko azterketa egitea proposatu dute

Durangoko Udaleko gobernu taldeak aurrekontuen zirriborroa aurkeztu die talde politikoei. Iazkoa baino % 14 baxuagoa izango den aurrekontua aurreikusi dutela azaldu du Aitziber Irigoras alkateak. Gizarte saileko eta lankidetzarako diru atalak mantendu egingo lituzke udalak, eta inbertsioen artean, eraikinetan amiantoa bilatzeko azterketa egitea proposatu dute.

 

Inbertsioen artean, San Faustoko zentro zibikoa –milioi bat euro eta erdi– eta Urki-Hegoalde lotunerako –milioi bat diru atalak egongo dira aurten ere, urte anitzeko inbertsioen artean. Bestalde, Durangoko eraikinetan egon daitekeen amiantoa aztertzeko 10.000 euro gordetzea proposatu du gobernu taldeak. ASVIAME Amiantoak Kaltetutako Biktimen Elkarteak jo du udalarengana azterketa hori proposatzera. Ezkurdiko frontoiaren teilatua konpontzea ere aurreikusi dute, eta "Merkatu Plazako azoka bultzatu guran" 10.000 euro aurreikusi dituzte azokako mahaiak aldatzeko.

 

"Zuhurtasunez eta seriotasunez" landutako zirriborroa dela nabarmendu du Durangoko alkateak. 2012rako 27.228.247,10 euroko aurrekontua edukiko du Durangoko Udalak, iaz baino % 14 gutxiago. Aurreikuspenak egiterakoan gobernu taldeak "tentuz" jokatu duela nabarmendu du Durangoko alkateak. Bi hiletan 2011n gastatutakoa aztertzen jardun dutela adierazi du eta "gastu eta transferentzi arruntetan –diru laguntzak eta hitzarmenak– orokorrean % 3ko murrizketak. Salbuespen batzuk badaude tartean: mantendu egingo lituzkete gizarte arloko eta lankidetzarako diru atalak –%0,7 bideratzea proposatu dute, aurreko urteetan lez–.

 

Atal batzutan murrizketak % 3 baino altuagoak izan dira; "2011n aurreikusitakoa baino gutxiago gastatu zen arloetan jaitsi egin ditugu". Murrizketa nabarietako bat jaietarako partidan egongo litzatekeela adierazi du Irigorasek: "egutegiz ere, jai egunak gutxiago izango dira eta ia 30.000 euro gutxiago gastatzea aurreikusi dugu".

 


San Fauston, moldaketak

San Faustoko zentro zibikoko proiektua "gaur egungo araudi teknikora moldatzen" dabiltzala orain, horretarako kontratatu duten zerbitzu teknikoagaz. Moldaketa batzuk izango ditu proiektuak, beraz, eta araudiari dagozkienez gainera, hasieran aurreikusitako lur azpiko aparkalekua ez dutela egingo aurreratu dute: "premia ikusten genuen hasieran, baina etxebizitza berriek ere eskaintza hori dute, eta ez eraikitzea erabaki dugu".

 

Prozesua luzatzeko eskaria

Irigorasek azaldu duenez, aurrekontuen tramiteak "hilabete inguru" irautea aurreikusten dute. Datorren astean zinegotzi guztiak elkartu eta arloetako arduradunek diru atalen zehaztasunak emango dituzte. Bilduk, PSE-EEk eta Aralarrek, euren aldetik, prozesua luzatzeko eskatu dute: "Informazioa lantzeko denbora gehiago eskatu dute, eta hasieran markatutako epeetara ez istea. Ulergarria da". Aurrekontuak Aste Santu ondoren onartu ahal izatea aurreikusten du.

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!