"Gaixotasun hau arrain bat uretatik ateratzea lakoa da"

Anboto 2012ko mar. 17a, 08:15

16 urtez lanean ibili zen Flesic galdategian, eta egunero arnastu zuen Patxi Kortazarrek amiantoaren pozoia. 2005ean diagnostikatu zioten asbestosia gaixotasun profesional moduan aitortzeko borrokan dabil

16 urtez lanean ibili zen Flesic galdategian, eta egunero arnastu zuen Patxi Kortazarrek amiantoaren pozoia. 2005ean diagnostikatu zioten asbestosia gaixotasun profesional moduan aitortzeko borrokan dabil.

 

Nola jakin zenuen asbestosia zenuela?

Iurretan galdategi bateko mantentze-lanetako soldatzaile mekanikoa nintzen. 2003an beharreko osasun azterketan Galdakaoko ospitalera joateko esan zidaten. Plaka pleuralak nituela azaldu zidaten. Horixe da asbestosiaren lehenengo seinalea. Mutuara informea ekarri nuen, baina ezkutatu egin zidaten. 2005era arte ez nuen jakin zer gertatzen zitzaidan, baina lanean jarraitu nuen. Katarro bat zela-eta erradiografia batzuk egin zizkidaten. Pleura mugituta eta pneumonia atipikoa nuela esan zidaten. Hortxe konturatu nintzen gaixotasuna ezkutatzen zebiltzala, eta borroka luze honi ekin nion.

 

Mutua eta instituzioekin borrokan jarraitzen duzu?

Sententzia biren ostean gaixotasun profesional moduan aitortzea lortu nuen. Gizarte Segurantzak onartu zuen, baina Mutuak birritan errekurritu zuen. Prestazio errekarguaren %30 bide judizialetik lortu dut. Orain ezintasuna aitortzeko borrokan nabil.

 

Zein izan da instituzioen jarrera zure kasuan?

Administrazio publikoan  badakit amiantoaren gaia ezkutatu gura duten mafiek dihardutela, eta frogatu egingo dut. Gainera, Mutuei botere handia eman diete.

 

Legebiltzarrean amiantoaren gaia lantzeko batzordea sortu dute.

Bai, baina nago ez ote dabiltzan gaia lantzen hauteskundeetako interesen barruan. 1948an asbestosia gaixotasun profesional moduan aitortzen dute eta 2002an amiantoa debekatzen dute. Instituzioak beraiek sortutako legeak ez dabiltza betetzen.

 

2002an amiantoa legez debekatu zuten, baina oraindik sustantzia hori alde guztietan dago.

Galdategi eta eraikuntzan asko erabili izan da. Merkea eta ona zelakoan geunden, eta orain horixe ordaintzen gabiltza. Gaixo hau daukatenentzako konpentsazio fondorik ez duen herrialde bakarra gara.

 

Amiantoz kaltetutakoek behar besteko babesa dute?

Zenbat pertsona hilko ziren amiantoaren eraginez zela jakin barik! Lehen medikuak erretzen zenuen galdetzen zizun, ez non lan egiten zenuen. Gaitz hau amiantoa arnastu eta 40 urtera agertu daiteke. Horrexegatik, Eusko Jaurlaritzari konpentsazio fondoa exigitzen diogu. 80 urteko pertsona asko pentsio lotsagarri bategaz gaixorik daude, eta enpresak itxi dituzte dagoeneko. 
 

Kasu gehiago ezagutzen dituzu Durangaldean?

Amiantoa galdategi askotan erabili izan da gure inguruan: Foseko, Olma, Estankona, Etxebarria... Hainbat kasu daude gure inguruan.

 

Galdategian sekula lan egin bako etxeko andreen kasuak deigarriak dira.

Galdategiko laneko arropa garbitzerakoan arnastutako amiantoagaz hainbat emakume gaixotu dira. Arratian hiru ahizpa gaixotu ziren errekan aitaren laneko buzoa garbitzen zutelako.

 

Asviami elkartean zer nolako kasuak egoten dira?

Astean zazpi kasu berri hartzen ditugu elkartean, eta ez dira gehiago, bolondresak garenez denborarik ez dugulako. Kasurik onenean asbestosiak jota daudenentzako bide judizialak zortzi urte iraun ahal ditu. Gaixotasuna duzula frogatzea ez da nahikoa. Amiantoa non jan duzun frogatu behar duzu. Gaitz honek, gainera, beste gaixotasun batzuk eragiten ditu. Depresioa, esaterako. Egoera lazgarri ugari ezagutzen ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!