Literatura, kultura askotako emakumeen zubi moduan

Anboto 2012ko mar. 6a, 08:20

Jabekuntza ikastaroen barruan, \'Topaketak kontatzen\' deritzona kultura eta jatorri anitzetako emakumeen istorioak elkarnabatzen saiatzen da. Ezagutzaren bitartez, integrazioan eta emakumeen jabekuntzan eragin gura dute

Jabekuntza ikastaroen barruan, ‘Topaketak kontatzen’ deritzona kultura eta jatorri anitzetako emakumeen istorioak elkarnabatzen saiatzen da. Ezagutzaren bitartez, integrazioan eta emakumeen jabekuntzan eragin gura dute.

 

Errealitate desorekatu bat aldatzeko lehenengo iraultza balantzaren behealdean daudenen kontzientzietan eman behar da. Emakumeek gizartean duten parte-hartzea orekatzeko “prestakuntza falta dela” deritzo Josune Muñoz irakasleak. Horretarako dira, hain zuzen, jabekuntza ikastaroak: “Emakumeek euren burua beste era batera hartzeko eta ondoren hori gizartean aplikatzeko gai izateko sortu ziren”.

 

Lanketa hori hamaika modutara egin daiteke; literaturaren bidez, besteak beste. Era berean, literatura eremu aproposa da integrazio prozesurako, munduko kulturak literaturan jasota baitaude, non bilatu jakiten bada eta horretarako borondatea baldin badago. Muñozek  esparru biak elkarren zerbitzura ipini ditu Tokapetak kontatzen izeneko ikastaroan.

 

Emakumeak eta Euskal Literatura ikastarotik eratorri den urrats berria da Topaketak kontatzen. Lanketarako eremu geografikoa ez da Euskal Herria bakarrik, mundu osoa baino. Munduko emakumeak euren kulturaren eta bizipenen berri ematen: “Gure iragana eta besteena, gure nortasuna eta mundukoa hobeto ezagutuz, gure etorkizuna eta bertan izango dugun parte-hartzea hobea izango da; ikastaroa bertako eta kanpoko emakumeen arteko zubia izan dadin nahi dugu”, definitzen du Muñozek borobil eta esaldi bitan ikastaroaren nortasuna.

 

Hainbat euskaldunez gainera, Maroko, Taiwan, Errusia zein Txileko emakumeek osatzen dute taldea. Literatura da guztiaren garraiobidea, gero gaiak bide batetik edo bestetik eraman ditzakeen arren: “Demagun emakume bat marokoarra dela. Zer dakigu hango literaturari buruz? Ikerketa lan bat eskatzen du horrek. Tokian tokiko literatura bildu eta hona ekartzen saiatzen naiz”. Orduan, eztabaida zabaltzen dute; marokoarrak, esaterako, kontatu denagaz identifikatuta sentitzen den ala ez azalduko du, eta hari horri tiraka errazago kontatuko du bere istorio propioa. Horrela, kulturak ezagutzeko  eta alderatzeko eta bizipenak elkarbanatzeko gune bihurtzen da ikastaroa.

 

Eta sinergia hori naturaltasunez ematen da: “Emakumeok munduarekiko eta besteekiko interes handia izaten dugu, eta hori literaturen bitartez asetzen saiatzen gara”. Musikaren bitartez ere bai, ahal denean.

\"\"

 

Mariam marokoarra da eta zazpi urte daramatza Durangon. “Ikastaroagaz ideiak, kulturak eta ikuspuntuak alderatzen ditugu;. Niri nire istorioa kontatzeko ere balio izan dit, nor naizen eta nondik natorren; arretaz entzuten naute eta horrek animatu egiten nau”. Marisa Rodriguez euskalduna da, bertakoa: “Alde batetik, kontatzen dutena entzuteko prest gaudela erakutsi gura dugu. Batzuetan istorio gogorrak entzuten ditugu, baina beti dira aberasgarriak. Guk eurena jakinda eta eurek gurea entzunda, elkarren ezagutza aberasten dugu”.

 

Andragunearen 3. urteurren ekitaldia

Ikastaro baten arrakasta ikasleen asebetetze mailak neurtzen du. Eta gustura dabiltzan seinale da bigarren ikastaro bat antolatzeko eskatu izana: “Iazko esperientzia oso aberatsa izan zen, norabide guztietan, gainera, eta parte-hartzaileek eskatuta erabaki genuen aurten bigarren maila bat sortzea”. Bigarren maila horretan parte hartzeko beharrezkoa da lehenengoa eginda izatea. Helburu berekin euren jarduna gizartera ere zabaldu gura dute: “Esperientzia honetatik abiatuz, Durangori zer ekarpen  egin geniezaiokeen aztertzen dugu. Zelan zabaldu dezakegun kultura askotako emakumeek elkar ezagutzea eta elkarrekin aritzea posible den mezua”.

 

Horrela, martxoaren 7an, bihar, Andragunearen hirugarren urteurren ekitaldian parte hartuko dute: “Literaturan mestizajeari buruzko hausnarketa eta aipu interesgarriak daude, eta esanguratsuenak iruditu zaizkigunak batu eta denekin konpartituko ditugu”.

 

Ikastaroa zabalik

Lehenengo mailako ikasleak eguenetan batzen dira Andraguneak Pinondon duen egoitzan, 17:00etatik 19:00etara.  Bigarren mailakoak martitzenetan elkartzen dira, ordu eta toki berean. Izena-ematea  94 465 70 92 telefonoan edo Pinondo Etxean egin daiteke.

 

 

 

 

Euskal Herriko jabetze eskolak aitzindariak dira

 

Josuñe Muñozek esperientzia zabala du jabekuntza ikastaroak ematen. Estatu osoan zehar ibili izan da, eta “estatu mailan Euskal Herriko jabekuntza ikastaroak aintzindari” direla dio. Areago: “Kanpotik hona etorri eta hemengo ikastaroen maila ikusten dutenean, mirestuta geratzen dira”. Ermua eta Getxo lako herrietan txertatu zuten lehenengoz jatorriz Hego  Ameriketakoa den programa. Gerora zabaldu zen Durangora eta beste hainbat herritara.


Topaketak kontatzen moduko ikastaroak antolatzea ez da erraza. Metodologia ikastaroa garatu den heinean moldatzen, aldatzen zein aberasten joan dela dio: “Hamaika teknika berri sortu eta ikasi behar izan dut, ikastaroek merezi duten kalitatera heltzeko”. Malgutasuna da ikastaroaren ezaugarrietako bat, “ez baita ahaztu behar oso ondo pasatzea dugula helburuetako bat”.


Lan handia eskatu arren, Muñozek altxor moduan hartzen du lan karga hori: “Emakume harrigarriak eta zoragarriak ezagutu izan ditut. Nik gehiago ikasi dut ikasleengandik ikasleek nigandik baino; seguru nago. Tartean ez banengo, ordaindu egingo nuke parte hartzeagatik”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!