Durangoko ikastetxe guztietako 6 eta 7 urteko umeek Ezkurdiko erakusketa aretoa bisitatuko dute martxoaren 12tik 16ra, ‘Emakumeak zientzian’ erakusketa ikusteko.
Emakumeek ekarpen garrantzitsuak egin izan dituzte zientziaren arlorik gehienetan, baina askotan ez dute merezitako oihartzunik eta aintzatespenik jaso gizartean. Zientzia emakume horietako asko ezezagunak dira gutako gehienontzat. Euren lana ezagutarazteko erakusketa berezia antolatu izan da azken urteotan Durangon, eskola umeentzat, eta aurten ere atondu dute erakusketa.
Emakumeak zientzian izeneko erakusketa Ezkurdiko erakusketa aretoan egongo da zabalik martxoaren 12tik 16ra, eta Durangoko ikastetxeetako 6 eta 7 urteko umeekin bisita gidatuak egingo dituzte.
Gaian trebatutako ipuin kontalari batek modu ulerterraz eta dinamikoan azalduko die umeei hainbat emakumek zientziaren arloan izandako garrantzia, eta eurek egindako ekarpenen berri emango du.
Erakusketa Teresa Nuñoren (EHUko Zientzia Esperimentalen Didaktikako katedraduna) txosten batean oinarrituta dago, eta Durangon ikasleei aurkezten zaien hirugarren aldia da.
Honako emakumeen gaineko infomazioa jaso ahal izango dute bisita gidatu horietan: Mary Engle Pennington, Marion Donovan, Emili de Breteuil, Sophie Germain, Catherine Littlefield, Caroline Htschel, Ada Augusta Byron, Mileva Maric, Alejandriako Hypatia eta Marie Curie.
Aurreko urteetan ikastetxe batzuk baino ez zuten parte hartu bisita gidatuetan, eta aurten Durangoko ikastetxe guztietako umeek edukiko dute emakume zientzilari horiek ezagutzeko aukera. Kety Arrabal berdintasun teknikariak nabarmendu duenez, “aurreko urteetan oso ondo irten den bisita izan da, eta horregatik erabaki dugu ikasle berriei ere aukera hori eskaintzea”.