Martxoaren 11n VII. Lilakrosa egingo dute Ezkurdi plazan hasita. Parte-hartze handia izaten duen lasterketan berdintasunagaz lotutako aldarrikapenak kaleratuko dituzte.
Azken sei urteetan legez, datorren domekan, martxoaren 11n, hainbat herritar batuko da arineketan egiteko, lila koloreko kamiseta soinean.
Ezkurdi plazatik irtengo dute, 12:30ean, eta aurten ibilbidea zuzentzen bizikletaz ibiliko direla azaldu du Kety Arrabal Durangoko berdintasun teknikariak: “Jasangarritasunagaz konpromisoa hartzeaz gainera, egokia iruditu zaigu bizikleta, emakumeek geroago eta gehiago erabiltzen dute-eta kalean bizi eta espazioa okupatzeko”.
Parte-hartze handia izaten duen krosa izaten da emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldekoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten Durangoko 20 elkartek parte hartuko dute testigua elkarri pasatzen.
Ibilbidea
Ezkurditik irten eta Madalenarantz joko dute Lilakrosean parte hartuko duten arineketalariek. Madalena, Landako etorbidea, Montevideo kalea eta Kurutziaga zeharkatuko dituzte. Ondoren, Alde Zaharrerako bidea hartuko du Lilakrosak. Alde Zaharrean itzuli bat emanda, Santa Anan jarriko dute helmuga, Andragunean.
Herri lasterketa hasi aurretik kamisetak banatuko dituzte Ezkurdin, urtero legez. Kamisetak saltzen batutako dirua Bateginez GKEarentzat izango da aurten. Aurreko urteetan Haitira edo Saharako emakumeengana bideratu dute diru hori.
\'La gloria de mi mare\'
Choni Compañia Flamenca taldearen eskutik La gloria de mi mare ikuskizunaz gozatzeko aukera ere eskainiko dute martxoaren 8an. San Agustin kulturgunean izango da hitzordua, 19:00etan.