"Biktima guztiek behar dute aitortza eta euskal gizartearen errekonozimendua"

Anboto 2012ko mar. 1a, 12:54

Pernando Barrena (Iruña, 1965) Ezker Abertzaleko kidea elkarrizketatu du asteon Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendariak Durangon. Berbertan elkarrizketa zikloko bigarren saioak ikusmina sortu du asteburuan Ezker Abertzaleak \'Konponbide haizea dabil\' dokumentuaren aurkeztu ondoren. Testu horretan, \'trantsiziozko justiziaren beharra\' aldarrikatu dute

Pernando Barrena (Iruña, 1965) Ezker Abertzaleko kidea elkarrizketatu du asteon Iñaki Soto Gara egunkariko zuzendariak Durangon. Berbertan elkarrizketa zikloko bigarren saioak ikusmina sortu du asteburuan Ezker Abertzaleak ‘Konponbide haizea dabil’ dokumentuaren aurkeztu ondoren. Testu horretan, “trantsiziozko justiziaren beharra” aldarrikatu dute.


Zer egingo du Ezker Abertzaleak  biktimen gaiagaz?

Herri honetan bortxazko egoera bat egon da, eta alde guztietatik izan dira biktimak. Biktima guztiek behar dute aitortza eta biktima guztiek behar dute gizarte honek eskaini beharko dien erreparazio motaren bat. Hori kostako da egiten. Denbora asko beharko dugu, baina nik uste dut igande honetan Ezker Abertzaleak bazuela helburu bat, eta da beste aldean badagoela komunitate zabal bat ETAren biolentzia pairatu duena. Norabide horretan beharrezkoa zen Ezker Abertzaleak alde bakartasunetik urratsak ematea, eta min hori aitortzea.

 

Zeintzuk izan daitezke alde bakartasunaren mugak?

Epe ertain eta luzera begiratu behar dugu.Beste aldean ez dugu une honetan interlokutore bat aurkitzen, baina nik uste dut azken hiru urte hauetan alde bakarretik egindako bide honek erakusten duela indarrak eta akordioak bilduta eta autodeterminazioaren eta konponbidearen aldeko pankartaren atzean gero eta jende gehiago bilduta, gertatzen ari den bezala, kapazak izan gaitezkeela egoera politikoa aintzinatzeko eta etorkizun ertain eta laburrean sortu daitekeen edozein erronkari aurre egiteko. Horixe da azpimarratu behar den gauzetako bat. Alde bakartasunak balio behar du herri presioa gero eta handiagoa izateko, alde biko dinamika horretan sartu nahi ez duten horien jarrera inmobilista horiek jasangaitz bihurtu arte.

 

Joan den asteburuan aurkeztutako dokumentuak berradiskidetzea du berbagai.

Berradiskidetzeaz hitz egiten dugunean, Ezker Abertzaleak bi gauza esan nahi ditu. Bata, berradiskidetzea ez dugula ulertzen denok lagun egitea bezala, baizik eta hainbeste faktura pasatu digun gatazka baten ondorioz lan egin behar dela Euskal Herrian bizi garen kultura politiko guztiok elkar onartu dezagun. Eta bigarrenik, Ezker Abertzaleak edozein alderdi politikok bezala baduela herri hau gobernatzeko aspirazioa, baina biztanlego guztiarentzako.
 

Nola baloratzen duzu une honetan Aralarren posizioa?

Nik uste dut Aralarrek ordezkatu duen esparrua kuantitatiboki erreparatu beharrean kualitatiboki baloratu behar dugula. Guztiok dugu iraganeko motxila bat. Hala ere, tripetatik egiten den diskurtsotik haratago joaten jakin behar dugu, eta buruarekin pentsatu. Inportanteena ez da nondik zatozen nora joan nahi duzun baino. Nora joan horretan kontatu egin behar dugu herri honetan ezkertzale eta abertzale sentitzen direnekin. Beraien arteko gaztazkak beraiei utzi behar dizkiegu, errespetu osoz.

 

Fronte zabalaren ondoren fronte abertzalea dator?

Guk ez diogu inoiz uko egingo ez EAJrekin ez beste inorekin hitz egiteari eta posible izan daitezkeen denetariko akordioak erdiesteari. Posizioak aldatzen ari dira. Ezker Abertzaleak bigarrengoaren papera eman dio bere buruari, EAJri begira historikoki, baina nik uste dut hori errotik aldatu dela. Etengabeko eskaintzak egingo ditugu akordio politiko handitara heldu ahal izateko. Garai berri hauetan aldaketak daude taula politikoan, eta EAJk beldurrez begiratzen dio, konturatu delako ez direla joko banatzaile arituko, besteok ere jokatu dezakegulako bereak baino hobeak diren kartekin.

 

Nazioarteko komunitateak zer eman dio prozesuari?

Bereziki Irlanda eta Hegoafrikako mugimenduek laguntza handia suposatu dute Ezker Abertzalearentzat, posizio politikoen garapenerako. Haien aholkuek asko lagundu digute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!