Legebiltzarrak trenbideko obrak aurten amaitzeko eskatu dio Jaurlaritzari

Anboto 2012ko mar. 2a, 09:06

Hitzarmena sinatu eta udalari trenbide gaineko lurrak urbanizatzeko dirua ematea eskatu dute

Hitzarmena sinatu eta udalari trenbide gaineko lurrak urbanizatzeko dirua ematea eskatu dute.

 

Eusko Jaurlaritzari trenbidearen lurperatzea aurten amaitzeko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak. Obrak “aurrekontu konpromisoak betez eta sailburuak jendaurrean egindako adierazpenekin uztartuz” egin ditzala eskatu du, “2012an hasi dadin tren-trafikoa geltokian eta lurperatutako trenbide-zati guztian”.

 

Legebiltzarreko eztabaidara EAJk eroan du gaia, erdibideko zuzenketa baten bidez, eta Aralarrek eta PPk sinatu dute testua.

 

Hiru konpromiso eskatu dituzte zuzenketaren bitartez. Obrak aurten amaitzearen puntua aho batez onartu dute. Obrari dagozkion datak eta lurrazaleko zirkulazioa kentzeko data zehazteko ere eskatu diote Jaurlaritzari, talde politiko guztien aldeko botoagaz.

 

Horrez gainera, trenbide gainean geldituko den lurzoruaren erabilerari buruz Jaurlaritzari Durangoko Udalagaz hitzarmena sinatzeko eskatu diote. Eskaria aurrera joan da alderdi guztien aldeko botoei esker; PSE-EEk kontra bozkatu du.

 

Hitzarmenean zera zehaztea gura dute; trenbideko lanetan izandako “gehiegizko esleipenengatik” gainbalioa udalarentzat izatea, “gaur egun trenbide-sareak betetzen dituen lurzoruak urbanizatzeko lanak ordaintzeko”. Horrez gainera, ETSk konpromisoa hartuko luke udalari lurrak kutsadura garbituta eta doan emateko, trenbide azpiegituraren elementu guztiak kenduta.

 

Legebiltzarrak eskatutakoaren arabera, hitzarmen hori hilabeteko epean sinatu beharko lukete Jaurlaritzak eta udalak.  

 

Irigoras: "Lanak amaitzean izango da poz hori osoa"

 

Aitziber Irigoras alkatea "pozik" agertu da Legebiltzarrak jeltzaleek aurkeztutako zuzenketa onartu duelako, orain aste bi horixe berori eskatu zuela gogoraraziz, hala ere, "lanak amaitzean izango da poz hori osoa. Bizi kalitate hobea arnasten dogunean". Gaineratu du baita trenbidea lurperatuta libre geratzen diren lurren plusbaliak ere Durango eta durangarrentzat izatea espero duela: "Trenbideagaz horrenbeste urteko lotura sufritu ondoren, Durango turismo erreferente bihurtzeko diru hori merezi dugu; baita erreferente sozial eta enpresarial ere".

 

\"\"Durangoko alkateak berriro eskatu dio Iñaki Arriola sailburuari  "lanen amaiera jasotzen duen agiria" sinatzea, eta "lanak amakitu arte trenbide-pasaguneetako akatsak kentzea, durangarren seguratsuna mantentze aldera". Arriolari "zorroztasun eta erantzukizun politiko handiagoa" ere eskatu dio.

 

 

 

 

 

 

Pasaguneak kentzeko lanak Jaurlarirzak gain hartzea eskatu du Aralarrek

 

Aralarreko Dani Maeztu gogoratu du baita Legebiltzarrak libre geratuko den lurra Durangori dohan ematea eskatu diola ETSri. "Lotsagarria" deritzo trenbide pasaguneak kentzeko lanak Durangoko Udalak gain hartzea gura izatea Eusko Jaurlaritzak. Horren haritik, PSE-EEri "exijitu" dio "diru guzti hori, oso-osorik Jaurlaritzak jartzea". Nabarmendu duenez, "legeak horrela agintzen duelako eta Durangoko biztanleenganako bidegabea litzakeelako hori horrela ez egitea".

 

Erdibideko zuzenketaren bigarren puntua nabarmendu du Aralarrek, ohar baten bitartez.: "Hilabeteko epean, Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak hitzarmena sinatuko dute eta ETSk konpromisoa hartuko du , Durangoko udalerriari eragindako eta behar bezala deskutxatutako lurzoroak doan emateko, eta trenbide-azpiegituraren elementu guztiak kentzeko lanak egiteko". Maezturen berbetan, Jaurlaritzak 4,2 milioi euro ordaindu behar dizkio Udalari eskubide urbanistikoengatik.

 

Aralarren legebiltzarkideak “lotsagarritzat” jo du Durango Operazioaren barruan puntu horren inguruan Jaurlaritzak duen asmoa. “Jaurlaritzak gura du trenbide pasaguneak kentzeak kostatzen den dirua Udalak jartzea. Hori lotsagarria da, kontuan izanda, alde batetik, legeak berak jasotzen duela lan horiek azpiegituraren arduradunak ordaindu behar dituela, eta bestetik, bidegabea litzatekeelako 125 urtez trenaren eragozpenak pairatu duen herriak lan horiek ordaintzea”. Durangok legez jaso behar duen dirua, zonalde horren urbanizazioa gauzatzeko erabili beharko luke.

 

Gainera, kosturik gabe operazioan libratuko den lurra Durangori ematea eskatu du Aralarren ordezkariak. “Herri-zerbitzua den Durangorentzat garrantzitsua litzateke lur horiek erabiltzea ekipamendurako azpiegitura jakina ezartzeko”, gaineratu du Maeztuk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!