Aukera Azoka "beste urte batzutan baino beharrezkoagoa" izango dela dio +Dendak-ek

Anboto 2012ko ots. 28a, 11:37
Salmentak bajatu egin direla nabarmendu du merkatarien elkarteak, eta Landako Guneko azokan \'normalean baino prezio baxuagoak\' egongo direla aurreikusi du. Eskualdeko 33 merkatarik parte hartuko dute

Salmentak bajatu egin direla nabarmendu du merkatarien elkarteak, eta Landako Guneko azokan "normalean baino prezio baxuagoak" egongo direla aurreikusi du. Eskualdeko 33 merkatarik parte hartuko dute eta 18.000 bisitari espero dituzte.

 

Martxoaren 2tik 4ra egingo dute aurtengo Aukera Azoka Durangoko Landako Gunean. Zazpigarren edizioa izango du azokak, eta Guillermo Oarbeaskoa +Dendakeko presidenteak adierazi duenez, aurrekoetan baino prezio baxuagoak egotea espero dute: "azken denboraldian krisiak merkataritza txikiari eragin dio batez ere, eta dendek beste batzuetan baino premia gehiago dute stock-eko produktuak ateratzeko.

 

Guztira 33 dendarik parte hartuko dute Aukera Azokan, eta euretako 14k ez zuten iaz parte hartu. Merkatari gehienak Durangokoak izango dira, baina Iurreta, Abadiño eta Elorrioko dendari batzuk ere hurreratuko dira Landako Gunera. Araceli Guerrero merkataritza teknikariak nabarmendu duenez, denetariko generoa egongo da: arropa, zapatak, koltxoiak, kirola,. optika, barruko erropak, dekorazioa, altzariak, elektrogailu txikiak, autoak...

 \"\"

Erosketak egiten dituzten pertsonen artean, bizikleta bi, 15 motxila, eta erosketetarako 50 gurditxo zozketatuko dituzte. Gainera, tiketa erakutsiz gero, Landakoko parkinga doan edukiko dute ordu bian.

 

Egitaraua

Erosketarako postuez gainera, batez ere umeei zuzendutako hainbat ekintza antolatu dituzte. Asteburu osoan ludoteka eta tailerrak egongo dira; bariku arratsaldean Bob Esponja eta Patricioren ikuskizuna edukiko dute eta zapatuan, 17:30ean Rosa Martinez ipuin-kontalariak jardungo du kontu kontari. Domekan, 11:30etik aurrera pottoka gainean ibilaldiak egiteko aukera egongo da. 17:30ean Kirrimarro Kontalaria taldeak Haritza hitza ari ikuskizuna aurkeztuko du.

 

Ordutegia

Barikuan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara

Zapatuan, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara

Domekan, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!