Plateruena kafe antzokian Berbertan zikloa zabalduz, Bingen Zupiria Deia egunkariko zuzendari berriak Josune Ariztondo kultur diputatua elkarrizketatu du. 50 urtegaz irakaskuntzatik politikarako jauzia egin zuen Ariztondo ondarrutarrak. Bere ibilbidearen errepaso zabala egin du asteon EAJko ordezkariak, kafe antzokiko publikoaren aurrean.
Hasi gaitezen 2007tik. Udal hauteskundeen ondoren, Ondarroako Udaleko gestorako kide izan zinen. Zelan gogoratzen duzu?
EAJ ilegalizazioaren kontra agertu zen beti. Ez zen lortu alderdi politiko guztiak legal izaterik –oraindik ez da lortu–, eta Alderdi Popularreko zinegotzi bakarra izan zen bere kargua hartu zuena.Ez zegoen modurik udala gobernatzeko, eta legeak gestora baten aukera ematen du, Diputazioak aukeratuta. EBBko idazkari izanda eta ondarrutarra izanda, ez nuen egoki ikusi bosgarren pisuan gelditu eta beste batzuk hara bidaltzea; beraz, neure burua aurkeztu nuen.
Erabaki horrek faktura pasatu zizun Ondarroan?
Bai. Eta ez nuke gurako faktura hori bizitza guztirako izatea, baina oso barruan sartuta daukadan faktura pasatu dit.
Eta politikoa?
EAJk azken udal hauteskundeetan aurrekoetan baino boto gutxiago jaso ditu. Hala ere, uste genuen alderdi legalen artean alderdi botatuena izanda ezin genuela 10.000 biztanleko herri bat udal gobernu barik utzi.
Gaur egun, berriz, ETAk ekintza armatuak bertan behera utzita, egoera politiko berri honek zer lehentasun ditu?
Lehentasunen mapan gune handi bi bereizi beharko genituzke.Bata Madrilen inguruan kokatuko litzateke; erabaki ahalmenari dagokionez esan gura dot. Behar diren bitartekariekin, estatuak eta indarkeria utzi duen erakunde armatuak lan egin beharko dute geratu diren gaietan urratsak emateko. Gainera, alderdi politiko bat daukagu legeztatu barik dagoena.
Eta bestea?
Horren besteko garrantzia duena eta epe luzera garrantzia erabakiorra izango duena, Euskal Herrian dago fokalizatuta. Adiskidetze bidea egin beharra daukagu. Urte asko izan dira; gorroto asko pilatu da. Min asko daukagu bilduta, eta kalte asko egin zaio gizarte honi. Biktimak hor daude, eta biktima horiek eragin dituzten pertsonak ere bai.Hori guztia Euskal Herrian denon artean ebatzi behar dugu. Denon erantzukizunak ez dira berdinak. Gizarteko eragile eta gizabanakoez gain, alde politikoa dago bide hori egiteko. Bi bideek ez dute zertan erritmo bera izan, ezta protagonista berberak ere.
Gaia aldatuz, zelan ikusten duzu euskararen normalkuntzaren eta erabileraren bidea?
Euskara ikasten eta erabiltzen ikasten dabilen herri bat da gurea. Horrek beragaz dakar txarto berba egitea, ingelesa ikasten dugunean moduan. Baina, txarto egiten ez baduzu ondo egiten ere ez duzu ikasten. Bestetik, Bizkaian ditugu Euskal Herriko eskualde euskaldunena eta erdaldunena. Guztiek behar dute hizkuntza politika bat. Oinarriak berberak dira, baina praktikak ezberdinak izan behar dira bakoitzean.
Eguneroko politikara etorrita, Lopezek EAEko hauteskundeak aurreratuko dituela uste duzu?
Ez dakit aurrekontu berriagaz zelan moldatuko den. Pentsatzen hasita nago ez ote ditugun 2012ko aurrekontuak ostera ere mahai gainean edukiko.Esaten ari dira akaso ez direla beteko, eta murrizketak etorriko direla. Beraz, egoera oso kaskarra da. Lopez lehendakariak bere burua Espainian jarri du hurrengo urrats moduan. Gainera, gobernu horren euskarria Alderdi Popularra da: ez dio honi babesik kenduko, ezinbestekoak onartuko dizkio,baina umilazioa umilazioaren gainetik eroan beharko du eta hori ez dakit noraino aguantatuko duen Alderdi Sozialistak. Nik ez dut uste urte amaierara helduko direnik. Ardura apur bat balute, ez lirateke urte amaierara ailegatu beharko.