"Krisi sasoi honetan kultura defendatzen jakin behar dugu"

Anboto 2012ko ots. 18a, 09:55

Astero Durangotik Madrilera joan-etorria egiten du Migel Zugazak (Durango, 1964). Aste bitartean Madrilen erronka handiz betetako eginkizunak ditu Prado Museoko gidaritzan. Asteburuetan, berriz, familia izaten du zain Durangon

Astero Durangotik Madrilera  joan-etorria egiten du Migel Zugazak (Durango, 1964). Aste bitartean Madrilen erronka handiz betetako eginkizunak ditu Prado Museoko gidaritzan. Asteburuetan, berriz,  familia izaten du zain Durangon.

 

Geografia eta Historian lizentziatua, Artearen Historian espezializatu zen. 30 urte zituela Reina Sofia Museoko kontserbazio zuzendari izendatu zuten. Ondoren, Bilboko Arte Ederren Museoa zuzendu eta gero, Pradora joan zen orain hamar urte. Artean adituek, politikariek, artistek eta publikoak errespetatzen dutela diote. Aznarren sasoian heldu zen Pradora, Zapaterogaz jarraitu egin zuen eta orain Raxoigaz ere bertan segitzen du.

 

Zelakoa da Prado Museoaren gidaritzan daramatzazun hamar urteen balantzea?

Maila profesionalean oso positiboa, eta pertsonalean, gauza batzuk alde batera utzita, onargarria. Baina ez gara kexatuko...

 

Museoa XX. mendera zabaltzea aldarrikatzen duzu. Prozesu hori zelan dabil garatzen?

Proiektu bat baino gehiago ideia bat da. Prado iraganeko museo bat ez den ideia, gure sasoiko errealitatea bizi duena baizik. Artista garaikideek museoan inspiraziorako eta hausnarketarako gunea topatzen dute. Hau oso garrantzitsua da eurentzat eta baita guretzat ere.

 

Zelan doa Prado Museoaren zabalkunde proiektua?

2007an inauguratu zen, eta ezarri genituen helburuei bikain erantzun die. Publikoagaz daukagun hartu-emana hobetzen laguntzen digu, aktibitate gehiago sortzen eta profesionaltasun handiagoz lan egiten.

 

Oraintsu eskuratu duzuen zer artelan nabarmenduko zenuke museora hurreratzeko direnen jakingarri?

Peter Bruegelen El vino de la Fiesta de San Martin obra aurkeztu genuen. Berreskurapen horregaz oso pozik gaude.

 

Zelan lortu duzu urte hauetan  alderdi politiko askoren eta arte adituen konfiantza irabaztea?

1995ean Pradoren inguruan akordiora heldu ziren parlamentuan, eta denboragaz mantendu eta indartu egin da. Garrantzitsua da kultur instituzioak borroka alderdikoietatik kanpora egotea.

 

Museoko txokoak mila biderrez zeharkatuko zenituen ikusgai dauden obrak erakusteko. Bisitaren bat bereziki gogoratzen duzu?

Durangarrek “alfonbra gorria” daukte Pradon. Asko pozten naiz museoan egon den jendea aurkitu eta gozatu dutela jakitean. Sarritan etortzen den bisitari bat Iñaki Azkuna da, Bilboko alkatetzan dugun durangar bat. Ahal duen guztietan museora hurreratzen da.

 

Krisi sasoian kultur arloan murrizketak egiten dira. Museoan ere igarri duzue?

Finantziazio publikoaren %30, ez gehiago ez gutxiago. Prado Museoak baditu bere burua defendatzeko tresnak, baina museo ertain eta txikiek gaitzago daukate. Kultura orokorrean defendatzen jakin behar dugu, eta bereziki museoen papera sasoi honetan. Ez daukagu ikustea besterik Guggenheimek esan gura duena Bilboko eta Euskal Herriko ekonomiarentzat.

 

Museoaren aktibitatea handitu duzue. Emaitza onak ematen dabil?\"\"

Krisiari eman diogun erantzunetako bat museoaren sarrerako ordutegia handitzea izan da, astelehenetan ere zabalduta. Onura zuzena dauka bisitariarentzako, museoarentzako, eta baita inguruarentzako ere. Lehenengo hiru astelehenetan 30.000 lagunetik gora etorri ziren Prado Museora.

Astean zehar Madrilen bizi zara eta asteburuetan Durangon. Gaitza da Madrilgo lana familiako bizitzagaz uztartzea?

Horregatik nioen gauza batzuk alde batera utzi beharraren kontua. Hau nire emazte eta seme-alabekin konpartitutako ahalegina da. Eurenganako esker oneko sentitzen naiz.

 

Athleticzale amorratua zarela diote...

Bide onetik doa. Besteak beste, Athletic futbolean jokatzen ikusiz gozatu dezagun lortu dute. Lehen ematen zuen euren mugak ezkutatzera irtetzen zirela zelaira, eta orain egiten dakitena erakustera irtetzen dute. Pauso oso garrantzitsua da. Tituluak beste kontu bat dira. Ikusiko dugu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!