Maskara tailerra antolatu du Kriskitin dantza taldeak

Anboto 2012ko ots. 13a, 10:46

Bertan ditugu aratusteak, eta 2000ean berreskuratutako ohiturari eutsiz Surrandien konpartsa irtengo da Durangoko kaleetan aurten ere. Ezinbesteko sudur luzedun kareta edo maskara prestatzeko tailerra ere prest du Kriskitin dantza taldeak

Bertan ditugu aratusteak, eta 2000ean berreskuratutako ohiturari eutsiz Surrandien konpartsa irtengo da Durangoko kaleetan aurten ere. Ezinbesteko sudur luzedun kareta edo maskara prestatzeko tailerra ere prest du Kriskitin dantza taldeak.

 

Gaur, otsailak 13an eta, eguaztenean, hilaren 15ean, egongo da horretarako aukera Kriskitinen entsegu lekuan, Merkatu plazaren atzealdean; 18:30ean jarri dute hitzordua. Jakineragin dutenez, bertan egongo da maskara egiteko beharrezko materiala.

 

Zapatuan, otsailaren 18an, irtengo da Surrandien konpartsa, eta Kriskitin dantza taldeko dantzari eta laguntzaileak ez eze, Jaizale txistulari taldekoak eta Tabirako musika bandakoak ere egingo dute bat konpartsagaz. Aurreko urteetan legez, durangar musikagileek sortutako doinuak entzuteko aukera eskainiko dute: Jesus Egiguren, Ander Ertzilla eta Ane Belaustegiren doinuak.

 

Kriskitinen entsegu lekuan jarri dute hitzordua konpartsak irtetzeko: zapatuan izango da 18:30ean. Merkatu plazaren atzealdean, txokolate beroa eskainiko da giroan sartzeko eta 18:45ean hasiko dute kalejira. Andra Mariko elizpean amaituko dute kalejira, 20:00etan. Arbasoen ohitura gogoan  hartuz Hartza ere berarekin eroango du Surrandien Konpartsak.

 

Ez da jantzi dotorerik behar Surrandien konpartsan ateratzeko, "ez da diru askorik behar mozorroa prestatzeko, hori bai, sudur luzedun kareta edo maskara ezinbestekoa da", antolatzaileek azaldu duten moduan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!