Azaroan aurkeztu zuen ‘Zuzenean 2010/12/30’ diskoko kantak eta beharbada kanta berriren bat ere eskaniko du Mikel Urdangarinek otsailaren 17an Durangoko Plateruenean eskainiko duen zuzenekoan.
Urte hasierarako hainbat kontzertu dauzkazu lotuta. Bira emankorra doa...
Badaukagu lan apur bat, bai. Lehenengo hiru hileetakoa, behintzat, polito jarri zaigu. Gaur egun —egia esan, musikaren munduan beti da horrela— epe motzean bizi gara, eta urte hasiera honetan gutxienez lana badaukagu, eta hori ez da gutxi.
Zelan joan dira orainartekoak?
Aspaldiko kontzerturik beroenak bizi izan ditugu. Esaterako, Donostiako Victoria Eugenian eta Bilboko Kafe Antzokian emandakoen oroitzapen benetan ona daukat. Zuzenean 2010/12/30 diskoaren birako hamabost kontzertuekin oso pozik gaude.
‘Zuzenean 2010/12/30’ diskoa ez eze, ‘Nora’ proiektua ere zuzenean eskaintzen ere badiharduzu azkenaldian.
Bai. Orain bi urte aurkeztu genuen Nora proiektua: Traspasos dantza taldeagaz sortutako ikuskizuna da, dantza garaikidea eta kantak lotzen dituena. Bost-sei kontzertu dauzkagu ekainera arte lotuta.
Durangon ‘Zuzenean 2010/12/30’ disko horren aurkezpena da egingo duzuena?
Orain arte Donostian eta Bilbon egin dugun moduan, disko horretan oinarrituta eskainiko dugu zuzenekoa. Dena den, Zuzenean 2010/12/30 disko horretako kantez gainera, beharbada, kanta berriren bat eskaini ahalko dugu. Izan ere, konposatzen, sortzen jarraitzen dugu. Zabalik egongo den zer edo zer izango da kontzertua; ez zehatz-zehatz disko bikoitz horren aurkezpena.
Azkeneko hileetan sorturiko kantaren bat ere joko duzue Plateruenean, beraz.
Bai (barrez)... Ez dakit ailegatuko naizen, baina saiatuko naiz Durangora kanta berriren bat besapean dudala etortzen. Disko bikoitza da Zuzenean 2010/12/30, kanta asko daude hor: aukeraketaren bat egin beharko dugu... Zer joko dugun, baina, ez da gauza oso zehatza izaten nire kasuan: beti egoten da aldaketaren bat edo beste errepertorioan. Aspaldiko kanta zaharrak, ez hain zaharrak, etabeharbada berriren bat izango dira kontzertuaren oinarria.
Zelan doa sorkuntzaren alor hori?
Urtebete edo gehitxoago daramat kanta berriekin ere, baina isilpean; bakarkako moduan, etxeko lanean. Badaukat kanta-sorta bat eskuartean, eguneroko lan lasaian jorratzen dihardudana. Denborak aurrera egin ahala erritmoak azkartzen joango naiz, baina oraingoz beste batzuk dira dauzkadan ardurak: Zuzenean 2010/12/30 aurkeztea, batetik, eta Nora ikuskizunari amaiera ona ematea, bestetik. Kanta berriei dagokienez, ikusiko dugu udaberri-uda zelan datorren, eta zer abiadura ematen diodan sortze-lanari.
Zelakoak datoz, zer ezaugarri daukate kanta berri horiek?
Berri diren ilusio horregaz datoz kanta horiek: bizi-bizi eta fresko dauzkazu, eta azaltzen zaila den indar berezi bat, ilusio berezia sortzen dizute. Baina, kantak egin berri edo oraindino egiteko dauden denbora tarte horretan, puntu oso gaseosoan, aldakor dagoz oraingoz. Neure intimitatean, etxean, gitarra eta ahotsagaz sortutako kantak dira oraindino; gerora zelan jantziko ditudan, zer forma hartuko duten ez dakit.
Zer taldekidek lagunduta zatoz Platerueneko kontzertura?
Aspaldiko taldekideekin nator: bederatzi urteetan ondoan dauzkadan Bingen Medizabalegaz, zazpi sokako biolinean, eta Rafa Ruedagaz, gitarra elektrikoan, batetik, eta azkeneko zazpi urteetan finkatu dugun bandagaz nator: Koldo Uriarte teklatuetan, Nika Bitchasvilli biolinean eta Saihela Gazmaier baterian. Azkeneko zazpi-zortzi urteetan elkarregaz dihardugu, bidelagun fidelak, lagunak ditut, zuzenekoetarako ezinbesteko piezak dira.
“Sekulako opariak izan dira
Azaroan aurkeztu zuen 2010eko abenduaren 30ean Bilboko Kafe Antzokian grabatutako kontzertuko doinuak biltzen dituen diskoa Mikel Urdangarinek. Bertan, “hamabost urte kantatzen daramadan abestiak daude”, azaldu du Urdangarinek: “Haitzetan lehenengo disko hartako kanta batzuk oraindino ere kantatzen ditut: oso gogo biziz, gainera, oso bizirik daudelako nigan”. Diskoan bildutako beste hainbat kaneak, baina, eraldaketa jasan dute: “Jatorrizko haien berrinterpretazioak dira; beste ikuspegi batekoak”.
“Sekulako opariak izan dira azkeneko kontzertuak”, dio zornotzarrak, lehenengo kantatik azkenekora arte babes handia sumatu dutel zuzenean: “Aspaldi bizi bako giro beroa gozatu dugu azkeneko kontzertu horietan”.
Dagoenik eta gauzarik handiena da Mikel Urdangarinentzat hori: “Gure eta publikoaren artean dagoen zubi ikusezin hori sortu dela ikustea, kanta batzuek jendearengan eragina izan dutela ikustea sekulakoa da, jende batentzat kanta horiek zeozer esan gura dutela ikustea baino handiagorik ez dago niretzako musikan”. |