Urtarrilaren 25ean hil zen EAE-ANVko gudari eta militante izandako durangarra, 93 urte zeuzkala.
Durangoko Intxaurre elkartearen aurrean, Balbino Garitaonandia enparantzan, omenduko dute gaur Bautista Uribe. Eguerdiko 13:00etan hasiko da ekitaldia. Leku esanguratsua da Intxaurre; Uriberen emaztea eta sei seme-alabak bertan jaio ziren, eta bikoteak Ezker Abertzaleari eskaini zion, Herriko Taberna sortzeko. 25 urte bete berri ditu Intxaurre elkarteak, eta iazko ekaineko urtemuga jaialdian ere jaso zuen omena Uribek.
Gerra zibilean EAE-ANVren Eusko Indarra batailoian ekin zion borrokari Uribek. Loiola, Deba, Lekeitio eta Albertiako frenteetan ibili zen, besteak beste. Anaia galdu zuen Zornotzako borroka batean, eta berak eman zion lur, lepoan hartu ondoren.1937an Santoñan kartzelatu zuten, eta Burgos, Miranda, Elizondo eta Madrileko espetxeetatik igaro zen. Francoren diktadura amaitu arte, klandestinitatean jarraitu zuen beharrean; gerora ere ez zuen etenik egin militantzian.
EAE-ANV alderdiaren ilegalizazio bi ezagutu zituen: diktadurena eta alderdien legearena. 2007ko udal hauteskundeetarako babesa agertu zion alderdiari, “ANVkoa nintzen, naiz eta hil arte izango naiz” aldarrikatuz. Bizimodu gogorra ezagutu arren, ez zion idealei ekarpena egiteari utzi. Ekaineko omenaldian batutakoak ere eskumuturra jasota agurtu zituen.