2009ko kontuen fiskalizazioak eztabaida sortu du. EAJk “pozarren” hartu du ebazpena. Aralarrek eta Bilduk gogor kritikatu dute gobernu taldea.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2009ko aurrekontuen gainean egindako auditoriaren emaitza ezagutzera emateak hautsak harrotu ditu Durangoko Udalean. EAJk “pozarren” hartu ditu txosten horren emaitzak. Prentsa oharrean azaldu dutenez, “epaitegi honen iritziz, Durangoko Udalak 2009. urtean bete egin du bere egoera ekonomiko-finantzarioa arautzen duen arautegia”. Hala ere, hanka-sartze administratiboren bat gertatu zitekeela aitortu dute.
Epaitegiak igoerak sumatu ditu Landakoko igerilekuen proiektuan, %32ko igoeragaz, eta Udal Liburutegian, %37ko garestzeagaz. EAJk igoerak osoko bilkurak onartu zituela argudiatu du.
Elkarteen diru-laguntzei dagokionez, aurrekontu luzapena zela-eta 500.000 euroko diru-laguntzak mantendu zituztela azaldu du EAJk, “elkarteei arazo ekonomikorik ez sortzeko”.
Bestalde, udaleko langileen kontratazio batzuk hautaketa prozesu barik eta publizitaterik egin barik gauzatu direla ere azaltzen du Epaitegiak.
Aralar, Bildu eta PSE-EEren kritikak
“Aurrekontuak garestitzea Durangon egin diren obra garrantzitsu guztietan gertatu dela salatu du Aralarrek; liburutegia eta igerilekuez gainera, Hizkuntza Eskolaren proiektua %30 garestitu zela gogoratu du. Obretako kontratu baten ere ez dela legeak eskatzen duen derrigorrezko proiektuen ikuskapena egiten azaldu du Dani Maeztu zinegotziak. Kontratazioen arloan, Durangoko Udalak “gaitz kronikoa” duela eta horrek udal ekonomia nabarmen kaltetzen duela agerian gelditu da”, gaineratu duenez.Txostenak urte bat aztertzen badu ere, irregulartasunak “sistematikoak” direla salatu du Maeztu zinegotziak, eta ardura publikoa izateak exijitzen duen erantzunkizuna hartzeko eskatu dio EAJri.
Proiektuak garestitzeari buruz Bilduk kritikatu duenez, ikuskapen barik proiektuek ez daukate ezelako zehaztapenik eta, “durangar guztion artean ordaindu beharreko prezioa” dela adierazi dute. “Gardentasun falta” ere kritikatu dute, oposizioko alderdiei epaitegiak sei hilean egin duen lana “ezkutatu” egin dietela azalduz. Diru-laguntzak batzuei bai eta beste batzuei ez emateko irizpideak zeintzuk diren ere galdetzen dute. Gobernu taldeak hanka-sartze administratibo definizioa erabiltzea “zinismo erakustaldia” dela ere salatu du Bilduk.
PSE-EEk kritikatu du "alkateak administrazio arloko hankasartze legez hartzea milioika euroren desbideraketa liburutegiko eta igerilekuetako obretan". Sozialisten iritziz, "Kontu Epaitegiaren txostenak gobernu taldearen kudeaketa txarra konfirmatzen du". PSE-EEren salaketa haratago joan da: Pilar Riosen berbetan, "EAJk dio gaur egun ez dagoela dirurik San Faustoko zentro zibikoa egiteko". Obra horrentzako Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntza "obren garestitzea ordaintzeko" erabili izana salatu du Riosek. Horrez gainera, Kontu Epaitegiaren txostenetik nabarmendu du pertsonalaren kontratazioengatik gastu arrunta 1,2 milioi euro igo dela; "alderdi sozialistak Ogasun batzordearen batzar berezia eskatu du udalaren aurrezkiak 7,7 milioitik 3,7 milioira zelan bajatu diren aztertzeko".