Orain urtebete ingurutik antolatzen dute Zineforuma Durangoko Liburutegian. Urtarrilaren 31koa da hurrengo zita.
Durangoko Udal Liburutegiak eskainitako espazio eta baliabieekin, Arteka liburudendako arduradunak proposatuta, lau lagunen artean (Beno Calvo, Aitziber Zugaza-Artaza, Germán Rodríguez eta Vanesa Calvo) antolatzen dute, duela urtebetetik, Zineforuma.
Orain urtebete ekimena abiatu zutenetik, emanaldietara hutsik egiten ez duten ikusleen leialtasuna lortu dute; dozena bat lagun elkartzen dira, gutxienez, hitzordu bakoitzean. Hala ere, “ikusle bakarra baletor ere jarraituko genuke eskaintzen”, diote antolatzaileek: “Ikusi beharrekoak diren filmak daudela uste dugulako”.
Zinema eta telebista konbentzionalaz gainerako ikus-entzunezkoak interesatzen zaizkion jendea izaten da liburutegiko Zineforumera hurreratzen dena.
Antolakuntzan “asko inprobisatzen” dutela dioten arren, zenbait ideia oso argi dauzkate antolatzaileek: filmak aukeratzerakoan “arrazoi estetikoak bakarrik” dituztela aintzat azaldu digute. Zinemaren Historiaren adierazgarritzat dauzkaten filmak erakutsi gura dituzte.
Antolatzaile bakoitzak bere joera tematiko eta formalak dauzkala ere azaldu digute: zinema esperimentala eta Espainian ekoitziriko lan ezezagunak, musikalak eta zinema klasikoa eta zinema fantastikoa dituzte gogokoen.
Zineforumera hurreratzen diren lagunen ekarpenak jasotzeko prest daude Durangoko Liburutegian; film bat eman gura duenak, kopia lortu eta aurkezpen bat egitea da baldintza bakarra.
Ohiko hari narratiborik bako ‘Nocturno 29’ martitzenerako
Ez dela erraza izan film honen kopia lortzea aipatu digute antolatzaileek. Pere Portabellak 1968an zuzendu zuen, izenburuan —eta garaiko zentsoreak ohartu ez arren— Gerra Zibilaren amaieratik igarotako urteei erreferentzia egiten dien Nocturno 29 filma.
Antolatzaileen berbetan, ohiko hari narratiborik bako filma da Portabellarena: 25 sekuentziatan, aldarrikapen politikoa eta abangoardiako adierazpen artistikoa uztartzen dituena. |