Merkatariak batuko dira gaur genero-indarkeriaren kontra

Anboto 2012ko urt. 26a, 08:00

Andereak elkartearen gonbidapenari jarraiki, merkatarien +Dendak elkartea batuko da gaur, eguena, 20:15ean Andra Mariko elizpean egingo duten agerraldira. Merkatariak joan ahal izateko atzeratu dute ordua eta herritar guztiak daude gonbidatuta

Andereak elkartearen gonbidapenari jarraiki, merkatarien +Dendak elkartea batuko da gaur, eguena, 20:15ean Andra Mariko elizpean egingo duten agerraldira. Herritar guztiak daude gonbidatuta.

 

Genero indarkeriaren Andereak elkarteak pasa den urritik hainbat elkarte eta eragile gonbidatu ditu eguenetan egiten dituen elkarretaratzeetara. Merkatarien txanda izango da gaur, eta ohikoa baino beranduago hasiko da elkarretaratzea, merkatariek dendak zarratu eta gero kontzentraziora batu ahal izateko.

 

Andereak elkarteak gogoratu duenez, kanpaina honen helburua honakoa da: "gainontzeko elkarteen laguntzarekin, gure gizarteak bizi duen indarkeria sexistak sortzen duen gaitza ikusgai jartzea".

 

+Dendak-en ondoren, hurrengo elkarte gonbidatuak Centro Palentino –otsailaren 2an– eta DAZ alde zaharreko azokideen elkartea –otsailaren 9an– izango dira. Orain arte hainbat elkartek erantzun dio Andereak-en deiari: Orfeoia, Kriskitin dantza taldea, Bateginez, Caritas, Herria, Mas Curvas, Geube, Tronperri, Tabirako, Centro Cultural Extremeño eta Centro Andaluz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!