Suministros Balmaseda Durangoko enpresan erosi dute JAEDeko zozketaren sari nagusiko zenbakia. Kotxearen bila joan direnean azaldu dutenez, Balmaseda Balanzategi neba-arreben familian tradizio handia da urtero ehun txarteleko tako bat erostea.
"Gogoratzen dut gurasoekin txikitan zelan gerturatzen ginen txartelak erostera". Isabel Balmasedaren berbak dira. Gurasoek lehen, eta orain lau neba-arrebek, urtero ehun txarteleko tako bat erosi izan dute JAEDeko zozketarako. Suministros Balmaseda enpresa dauka familiak duela 40 urte baino gehiago. JAEDeko zozketaren familia tradizioak aurten saria izan du, zozketako sari nagusia, autoa.
Neba-arrebetako bi azaldu dira kotxea jasotzera: Julian eta Isabel. Adierazi dutenez, oraindik ez dute pentsatu autoa nork hartuko duen edo harekin zer egingo duten. Eskerronez hartu dute saria, eta JAEDek egiten duen lana ere eskertu dute.
Urtero ehun zenbaki izanda, arinago sari txikiren bat bai, baina ez zaiela gauza handirik tokatu adierazi dute. Isabelek esan du berak bidaia bat irabazi zuela behin, baina hori berak erositako zenbaki bategatik izan zen: "enpresako zenbakiez gain, beti hartzen du norberak txartelen bat gehiago".
10 sari gelditzen dira banatu barik
Gaur kenduko dute Andra Mariko elizpetik JAEDeko stand-a. Carlos Frontaura JAEDeko kideak adierazi duenez, hamar bat sari gelditzen dira banatu barik, eta oraindik jaso ez dituenak JAEDeko bulegoan hartu ahal izango ditu.