"Dirua ez da muga izan behar; ilusioz egiten diren opariak dira onenak"

Anboto 2012ko urt. 16a, 08:11

Ezkontzak, ospakizunak, sorpresak... antolatzerakoan laguntzeko, D´Ilusiones enpresa sortu du Mireia Elkoroiribek

Ezkontzak, ospakizunak, sorpresak... antolatzerakoan laguntzeko, D´Ilusiones enpresa sortu du Mireia Elkoroiribek.

 

Opari bereziak eta sorpresak asko gustatzen zaizkio Mireia Elkoroiriberi. Gertukoentzat zein beharreko kontuengatik, hainbat ekintza eta opari egin izan ditu, eta orain bere afizioa D´Ilusiones enpresaren bidez eskaintzen hasi da. Abenduan emakume ekintzaileen mahai-inguru batean parte hartu du Madrilen.

 

Antolatzaile lanak gustuko dituzu, beraz.

ETSko komunikazio sailean hainbat urte daroadaz lanean, eta ekintza asko antolatu behar izan ditut. Nire izaeragatik, gainera, nire familiarentzat eta lagunentzat bidaiak, ekintzak, sorpresak, opari bereziak... egin izan ditut. Lagunek animatu ninduten, eta Interneten begira hasi eta ekimen interesgarri bat ikusi nuen, norberak bere webgunea sortzekoa. Conecta tu negocio izeneko ekimena da, eta enpresa txikiei bideratuta dago. Hasi nintzen begiratzen, eta gustatu egin zitzaidan.

 

Aurretik lan txikiak egin dituzu...

Adibidez, Bocado taldea Gipuzkoan catering arloan indar handia daukan taldea da, eta bertako neska bat ezagutzen dut. Haren bitartez, Bizkaian ezkontzak-eta prestatzen zituztenean dekorazioan laguntzeko deitzen zidaten, eta hara joaten nintzen. Aukera ikusi nuen hobby legez egiten nuena ofizializatzeko.

 

Irailean hasi zinen d´Ilusiones-egaz. Zelan joatzu?

Oso ondo. Gaitzena dena antolatzea izan da, beste lan bat eta familia edukita; ume txiki bi dauzkat. Ilusioz eta trankil hartuta, dena egin daiteke. Orain buru-belarri nabil ezkontza bategaz. Denetik egiten utzi didate, askatasunez, eta oso pozik nago.

 

Ezkontzatik ezkontzara aldea egongo da...

Batzuek gauza intimoa eta jende gutxikoa gura dute, eta beste batzuek gauza bereziak gura dituzte; desberdinak, sorpresak... Irudimen aldetik joko handia egon daiteke. Ezkontza xumea gura baduzu, ez daukazu zertan horrenbeste burukomin hartu, baina zer edo zer berezia egin gura baduzu, gauza asko dira, eta batzuk bururatu ere ez zaizkizu egiten.

 

Ezkontzak prestatzerakoan denbora faltagatik jotzen dute zugana?

Bi gauza daude. Alde batetik geroago eta denbora gutxiago daukagula. Bikoteko bi kideek etxetik kanpora lan egiten dute orain, ia beti. Gero, nondik hasi ere ez da jakiten askotan, eta hornitzaileak ezagutzen dituen profesional batengana joatea aukera ona izan daiteke orduan.

 

Aholkuak ematetik dena antolatzerainoko beharra da zurea.

Hiru pakete eskaintzen ditut. Batetik, aholkularitza dago; gonbidapenak egiteko edo jatetxea, musika edo oparitxoak aukeratzeko gomendioak ematea... horrelako gauzak. Bigarren eskaintzan aholkularitza eta koordinazioa sartzen dira; aholkuak emateaz gainera, gauzak lotu, gastuak kontrolatu eta ezkontza eguneraino guztiaz arduratzea. Hirugarren aukera ezkontza egunean bertan ere dena koordinatzea izango litzateke; batzuk lasaiago egoten dira azkeneneko momentura arte han bazaude.

 

Ezkontzez gainera, bestelako ekitaldiak ere presatzen dituzu...

Bai, gehienbat ezkontzak eta urteurrenak antolatzen ditut, baina beste edozein ekitaldi berezi antolatzeko beti prest egoten naiz. Ustekabeko bidaiak eta opari pertsonalizatuak ere egiten ditut. Jende askok bikotekideari sorpresa eman gura izaten dio, baina batzuetan ez da izaten erraza sorpresa hori zelan gauzatu jakitea. Normalean ez da behar izaten diru kopuru handirik bikotekideari ustekabeko eder bat prestatzeko; ilusioz eta sentimenduz prestatzen diren opariak dira onenak.

 

Madrilen egon zara Webdate Conectad@s ekitaldian, emakume ekintzaileen mahai-inguru batean.

Oso esperientzia interesgarria izan da; 600 emakume enpresari baino gehiago batu ginen. Mahai-inguruan gure esperientzien berri eman genuen, eta email pilo bat bidali didate eurek euren proiektuagaz hasteko nire testigantza baliagarria dela esanez edo galderak eginez.

 

Emakumeek bultzada berezia behar dute enpresa munduan hasteko?

Ez dut uste emakumeok traba gehiago dugunik, baina batzuetan guk geuk jartzen dizkiogu mugak geure buruari. Emakumeok ardura handiko karguak betetzen ditugunean, gure buruarekin borroka handia izaten dugu, etxetik kanpo pasatzen dugun denbora luzeagatik. Lehenengo pausoa norbera prest eta buruagaz lasai egotea da, eta ondoren oreka topatzea gurea familiaren, lanaren eta zaletasunen artean.

 

Ingurukoen babesa premiazkoa izango da.

Oso garrantzitsua da. Argi daukat nire familiaren babes barik ezingo nukeela horrelakorik egin. Beraiei esker nabil nire ilusio hau aurrera ateratzen; bestela, ezinezkoa izango litzateke niretzat. Familia eta lagunen babesarekin eta ilusio handiarekin dena egin daitekeela pentsatzen dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!