Urtarrilaren 19an jardunaldi irekia egingo dute berbaldi, saio praktiko eta mahai-inguruekin. Jesuitetako arduradunek ziklo formatiboekin antzerako saioak egiteko asmoa agertu dute.
Batxilergoko ikasleentzako Unibertsitate Orientazio Azoka antolatuko dute, datorren eguenean, Durangoko Jesuitak ikastetxean. "Unibertsitatera informazio bila joan beharrean, bertako informazioa Durangora" gerturatzeko helburuagaz, egun osoko egitaraua prestatu dute; jardunaldi zabala izango dela iragarri dute, Durangon batxilergoa ikasten dabiltzan ikasle guztiei eta gurasoei egin diete deia.
Aurten arte orientzazio jardunaldiak egin izan dituzte Jesuitetako ikasleentzako eurentzako, klase orduetan. Aurten herrira zabaltzea erabaki dute azoka formatuan: goizez bertako ikasleentzako ekitaldiak izango dituzte, eta arratsaldez, denentzako zabalik egongo diren hitzaldi eta tailerrak egongo dira.
Egitaraua
Ikasle ohiek zabalduko dute jardunaldia euren esperientzia kontatuz, 12:15ean. 15:15ean DBH 4ko ikasleentzako Heziketaren zentzua izenburupean berbaldia eskainiko du J.M. Larrañagak. Ordu berean saio praktiko hauei ekingo diete Batxilergoko ikasgeletan banatuta: Burtsa –Bilboko Merkataritza Ganberak eskainita–, Gaurko hezitzaileen erronkak –Deustuko Unibertsitatea–, Ingeniaritzak–EHU– eta Informatika eta bideojokoak–Digipen–. Tailer horietan parte hartu gura duenak Tuenti edo Facebook sare sozialen bitartez eman beharko du izena.
Arratsaldean zehar, 16:15ean hasita, euren eskaintza azalduko dute Deustuko Unibertsitateak, Universidad de Navarrak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak. Digipen eta Bilboko Merkataritza Ganberak ere ekarpena egingo dute saioetan.
Horretaz gainera, informazio-puntuak bisitatzeko aukera egongo da liburutegian, 16:00etatik 19:00etara bitartean.
Kontinuitatea izateko asmoagaz
Azokaren esperientziak ondo irtetzen badu, urteroko ekintza izan daitekeela azaldu du aitor Garcia Jesuitetako Batxilergoko Koordinatzaileak. Isabel Kapanaga zuzendariak ziklo formatiboen alorrean aurreraxeago horrelako azoka bat egiteko asmoa daukatela adierazi du.