Bizikletak erosteko diru-laguntza emango du Durangoko Udalak

Anboto 2012ko urt. 11a, 09:14

Herrian bizikletaren erabilpena bultzatzeko 6.000 euroko diru poltsa ipini du udalak, Durangon bertan erositako bizikleten kostuan laguntzeko

Herrian bizikletaren erabilpena bultzatzeko 6.000 euroko diru poltsa ipini du udalak, Durangon bertan erositako bizikleten kostuan laguntzeko.

 

Bizikletaren kostuaren erdirainoko laguntza emango du Udalak, gehienez 100 eurokoa, bizikleten erosketan laguntzeko. Udal iturrietatik adierazi dutenez, hiri-bizikletei dagokien diru-laguntza da; pedalei eraginda dabiltzanak edo motordunak izan daitezke, baina ez dute diru laguntzarik emango umeentzako bizikletentzako, mendi bizikletentzako eta errepiderako bizikletentzako.

 

Abenduaren 15etik martxoaren 31ra bitartean erosi beharko dira bizikletak diru laguntza eskuratu ahal izateko, eta Durangon erroldatuta egotea beharrezkoa da. Adierazi dutenez, gainera, bizikletak Durangoko dendetan erosi beharko dira. Baldintza horrekin, "Durangoko merkataritzari bultzada" eman gura dietela adierazi du Iker Oceja Garapen Jasangarriko batzordeko presidenteak. Nabarmendu duenez, herritarrak "autoek eragiten duten kutsadura alde batera utzi" eta bizikleta erabiltzera animatu gura dituzte.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!