Datozen Gabonetan Kulunkan Ikas/Jolas Gunea sortuko dute

Anboto 2012ko urt. 10a, 12:22

Egun bi eta hiru gune izango lituzkeen jolastoki hezitzailea antolatu gura dute, haur, nerabe, gazte eta gurasoei zuzenduta. Kulunkan egitasmoa aisialdi hezitzaile eta euskaldunean beharrean dabiltzan hainbat eragilek osotzen dute eta Durangon egingo dute lehen proiektu pilotua

Egun bi eta hiru gune izango lituzkeen jolastoki hezitzailea antolatu gura dute, haur, nerabe, gazte eta gurasoei zuzenduta. Kulunkan egitasmoa aisialdi hezitzaile eta euskaldunean beharrean dabiltzan hainbat eragilek osotzen dute.

 

"Industria kulturaletik bultzatzen den aisialdi eredua joera kontsumista eta parte hartze pasiboan galduta" dagoela uste dute Kulunkan egitasmoan batutako taldeek. Hori horrela, hainbat balore lantzeko eta haur, nerabe eta gazteen "heziketa integrala bultzatzeko" esperientzia pilotu bat ipiniko dute martxan Durangon, 2012ko Gabonetan: Kulunkan Ikas/Jolas Gunea.

 

Kulunkan egitasmoaren atzean hamaika eragile daude: Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK), Ikastolen Elkartea, Sortzen Ikasbatuaz, Urtxintxa Eskola, Gurasoen Elkarteak, Amarauna sarea, eta Durangaldeko Berbaro, Zeozer, Geu Be, Kimuak eta Zapaburu konpartsa. Urtean zehar asanbladak eta gaikako batzordeak sortzea aurreikusi dute gaian sakontzeko, eta mintegi irekiak ere antolatuko dituzte, lehenengoa otsailean.

 

Jolastokian landu gura dituzten hainbat balore nabarmendu dituzte: euskara eta aisialdi euskalduna, kulturartekotasuna, aukera berdintasuna, hezkidetza, lankidetza, elkartasuna, gatazken konponbidea, ingurumena eta jasangarritasuna.

 

Ume, gazte eta gurasoentzat

Jolastoki hezitzailean hiru gune banatzea aurreikusi dute; haur eta familiena batetik, nerabe eta gazteena bestetik, eta gurasoentzako gunea, azkenik. Gurasoei begirako lanari buruz, Urtzi Ugalde EGK-ko ordezkariak adierazi du garrantzizkoa iruditu zaiela eurekin bakarrik dinamikak egitea: "egungo aisialdi eskaintzan gurasoen papera apur bat pasiboa dala konturatu gara; umeak jolastokietara eroan eta hor geratzen da kontua, ez da eurekin lan berezirik egiten".

 

Lehen proba Durangon egingo dute, eta esperientzia horretatik abiatuta, datozen urteetan egitasmoa beste herri batzutara zabaltzeko aukera egotea espero dute Kulunkan-en antolatzaileek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!