Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lan berria aurkeztuko dute Durangon

Anboto 2012ko urt. 7a, 12:40

Auzolanean ekoitzi eta argitaratu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek \'Zazpikoloroa\' lan berria; mundua kolorez margotzera eta aniztasun zein elkartasunez betetzera datoz pertsonaia berriekin batera gaur Landako Gunera.

Auzolanean ekoitzi eta argitaratu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ‘Zazpikoloroa’ lan berria; mundua
kolorez margotzera eta aniztasun zein elkartasunez betetzera datoz pertsonaia berriekin batera.

 

Zazpikoloroa izeneko lan berria aurkeztuko dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Durangon, urtarrilaren 7an. Landako Gunera hurreratuko dira, bi saio eskaintzeko: lehenengoa 16:00etan eta bigarrena 18:30ean. Durangaldeko haurrentzat aukera aparta izango da modako pailazoak zuzenean ikusteko. Seguru ehunka jarraitzaile batuko direla erakustazokan.

 

Istorio berria

Aurreko argitalpenean Pupu eta Loregaz familia hazita etorri ziren, eta oraingoan Zazpikoloroaren istorioagaz datoz. 20 abesti labetik aterata berri, aniztasuna eta elkartasuna izan dituztelarik lan osoari forma emateko oinarri.

 

Lagunen ekarpena

Azaldu dutenez, disko berriaren grabaketan 100 lagunen bueltan pasatu dira estudiotik: Aiora Renteria (Zea mays), Amets Arzallus, Xabi Solano, Andoni Egaña, Anje Duhalde eta Amparo Sanchez (Anparanoia) izan dituzte bidelagun, adibidez. Sortzaileen eremuaz harago, Haimar Zubeldia eta Markel Irizar txirrindulariak ere ausartu dira, besteak beste, pailazoen letrak abestera. Xabier Zabala musikariak izan du konposizioen ardura. “Gure ametsei musika jartzen diena” legez aurkeztu dute Zabala.

 

Durangaldeko boligrafoa

Letrak idazteko ere jaso dute hainbaten ekarpena. Tartean, Durangaldeko lau lagunek idatzitakoak: Igor Elortzak Zazpikoloroa eta Nork agindu du?, Unai Iturriagak Belekoi anderea, Xabier Amurizak Obabatxoa Patakon eta Peru Magdalenak Irri eginez.

 


Zazpikoloroa heroi  berriak kolorea eta elkarrenganako errespetua zabaldu gura du Belekoi andere gaiztoaren aurrean. “Ostadarraren banderak zazpi kolore dituelako eta loroa piraten txoria delako” aukeratu dute Zazpikoloroa. Hori guztia, zelan ez, maitasun handiz egin gurako dute,  “piratekin batera, elkartasunaren bidean abiatuz”.
“Auzolanean, irudimentsu eta era alaian” sortu dute lan berria, pailazoek diotenez. Euskal Herrian aspalditik saretua duten koadrilarako beste lan bat izango da. Sorkuntza berria jendaurreko ekitaldietan aurkeztuko dute, eta Igor Elortzak ondu du ikuskizun horren gidoia.

 

Igor Elortzak egin du ikuskizun berriko gidoia, eta “erronka erakargarria” izan da bere berbetan

 

Zer aurkituko dugu urtarrilaren 7ko ikuskizunean?
Elkartasunaren eta aniztasunaren bueltako fabula bat. Pertsonaia nagusi bi sortu ditugu: Zazpikoloroa eta Belekoi. Lehena zazpi koloreko loroa da, munduari koloreak eta aniztasuna ematen dizkion hegazti miragarria. Bigarrena¡ bele berekoia da,  mundu zuribeltza gura duena. Elkartasunaren aldeko ekintzailea den Patakon piratari lagundu beharko diote pailazoek, Zazpikoloroa Belekoirengandik babesteko.



Zer hartu duzu kontuan?
Umeentzat denez, sakonean dauden gai eta berba potoloak zelan adierazi hausnartu genuen lehenengo. Nahiz eta fabula bat izan, kontzepturen batzuk erabiltzera derrigortuta zaude. Ahalik eta ulerterrazen izaten ahalegindu naiz, berba sinpleak erabiliz: ‘justua’ esan barik ‘ona’ esanez, adibidez. Horri, kantak eta umorea gehitu behar zaizkio, zelan ez. Eta denbora ere neurtu dugu. Hasi eta amaitzen den istorioa da; umoreak eta kantek asko lagunduko dute, baina erronka handia da umeen arreta mantentzea. Orain arte, pailazoon emanaldiak esketxekin, zatika osatuak izan dira.



Hezigarria da pailazoen lana.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots markaren ezaugarri nabarmena da hori, bai euren lanetan bai bestelako kolaborazioetan. Garrantzitsua da, umeei mundu ikuskera bat ematen zabiltzalako, balore positibo, aurrerakoi eta zabalekin. Esperientzia ederra eta erronka handia izan da niretzat, umeen mundua zirraragarria, misteriotsua eta sentibera delako. Lehenengoz egiten dut halakorik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!