Durangoko JAED elkarteak orain 14 urte jarri zuen martxan lehenengoz zozketa solidarioa Andra Mariko standean. Premian daudenei laguntzea dute helburu, bai elikagaiak banatuz bai diru-laguntzen bitartez.
Gabonak hurreratzen direnean JAED elkarteak bere standa jartzen du Andra Mariko elizpean. Aurten ere hainbat oparigaz bete dute etxola. Kotxea izaten da urtero sari preziatuena. Aurten Citroen Picasso monobolumena da sari nagusia. Ikus-entzunezkoen arloan merkaturatu dituzten azken nobedadeak ere eskuratu daitezke; tablet zein liburu elektronikoak. Nobedade moduan, aurten tolesten den Conor bizikleta jarri dute zerrendan. Guztira, 52 oparik abenduaren 6ko zozketan jabea topatuko dute.
Zozketako txartelen salmenta martxa onean doala azaldu digu Iñaki Gorritxategi JAEDeko kideak. “Azoka egunetan ere ondo saldu dugu”. Txartelak 1,25 euroan jarri dituzte salgai, iazko moduan: “Prezioa ez dugu igo gura izan, denek erosi ahal izateko”. 60.000 papeleta saltzea da helburua. Iaz 58.000 inguruan gelditu ziren.
Helburuak
JAED elkarteko kideek urteak daramatzate premia duten pertsonei laguntzen. Krisiaren eragina ondo ezagutzen dute elkartean. “Urte gogorra izan da. Astean birritan zabaltzen dugu bulegoa, eta ilarak sortzen dira”. Udaleko gizarte laguntzaileekin hartu-emanean daude, premia duten lagunei asistentzia emateko. “Gure inguruan geroago eta gehiago dira langabezian daudenak eta laguntza behar dutenak”. Elikagaiak eta bestelako produktuak erosten dituzte, eta familia bakoitzarendako paketea prestatzen dute elkarteko kideek. “Elikagaien Bankutik eta Europatik datorrena ere banatzen dugu”, azaldu digu Gorritxategik.
Premiazko egoeran dagoenaren datuak konfidentzialak dira, eta paketeak egiten dabiltzanek ere ez dituzte ezagutzen. “Diskrezio osoagaz jarduten dugu. Oso garrantzitsua da jendearen errespetua edukitzeko, azaldu digutenez.
Arropak batu eta banatzen jardun du JAEDek urteetan, baina orain zeregin hori bertan behera utzi du. “Arropak sailkatzea eta garbitzea lan handia zen, eta ez geneukan behar en moduan egiteko baliabiderik”, diote elkartetik. Orain, JAEDeko bulegoa Pinondo Etxera lekualdatu dute. Bigarren pisuan daukate orain egoitza, premia duten guztiak bertara gerturatzeko.
604 familia lagundu ditu aurten JAEDek
Krisiak Durangaldea gogor kolpatu du. Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Iaz JAED elkarteak 450 familia lagundu zituen eta aurten, berriz, 604 familia.
Elikagaiak banatzen ditu elkarteak; geroago eta gehiago, gainera. Aurten 61.860 kilo elikagai banatu ditu elkarteak janaritan, eta guztira 77.415 euroko gastua egin du. Diru-laguntzetan 107.632 euro banatu dituzte. “Astean 3.000 euro gastatzen ditugu janaritan. Banatzen duen janaria kalitate aldetik asko hobetu dutela diote JAEDeko kideek. “Umeek produktu freskoak jatea komeni denez, orain, galtzen ez diren produktuez gainera frutak, ortuariak, oilaskoa, arraultzak eta abar ere banatzen ditugu.