Aurten zazpigarren aldia izango du Durangoko Landako Erakustazokan atonduko duten Izotz Guneak. Iaz ia 6.000 erabiltzaile izan zituen eta aurten ere kopuru horietan ibiliko direla uste dute udal ordezkariek.
90.000 euroko aurrekontua duen Izotz Gunea gaurtik urtarrilaren 8ra egongo da zabalik; igandetik ostegunera goiz eta arratsaldez, eta, ostiral eta larunbatetan gauez. Urtarrilaren 1ean itxita egongo da.
Prezioetan ez da igoerarik eman. 14 urtetik beherakoentzako sarrera 5 euro da eta handik gorakoentzakoa 5,5 euro. Asteazkenak egun bereziak dira eta 3 eurotan ipini dute sarrera. Sarrera bakoitzagaz goiz ala arratsalde osoan patinatzeko modua izango du erabiltzaileak.
Urtero legez aurten ere patinatzen ikasteko ikastaroak egongo dira. Egun biko ikastaroetarako izena-ematea Izotz Gunean bertan egin daiteke.
Iaz inkesta bat egin zuten erabiltzaileen artean eta jasotako datuen arabera bisitarien %24a Durangotik kanpokoa da: Gernika, Lemoa zein eskualdeko inguruko herritakoa batez ere, baina baita Gipuzkoa eta Arabakoa ere.
ORDUTEGIA
Egunero: 13:30-13:30 / 17:00-20:30
Ostiral eta larunbatetan: 21:30-00:30
Itxita: urtarrilak 1
PREZIOAK
14 urtetik beherakoek: 5 euro
Helduek: 5,5 euro
Elkarteetako kideek: 4,5 euro
Asteazkenak (egun berezia): 3 euro