EAJk Udalaren egoera ekonomiko "kritikoa ezkutatu" gura duela salatu du Aralarrek

Anboto 2011ko abe. 21a, 11:03

Diru sarreren eta gastuen artean \'hiru milioi euroko desfasea\' dagoela dio: \'Aurrekontuen proposamenik ez dute aurkeztu eta gaia eztabaida politikotik atera gura dute\'.

Diru sarreren eta gastuen artean “hiru milioi euroko desfasea” dagoela dio: “Aurrekontuen proposamenik ez dute aurkeztu eta gaia eztabaida politikotik atera gura dute”.


Laster urtea amaituko dela eta gobernu taldeak oraindik aurrekontuen gaineko proposamenik ez duela aurkeztu salatu zuen Aralarrek atzoko prentsaurrekoan: “Ondorioz 2012ko aurrekontuak luzapen batekin hasiko dira eta horrek udal kudeaketa asko zailtzen du, inbertsio guztiak geratuz”, azaldu zuen Dani Maeztu Aralar alderdiko zinegotziak. Horrela jokatuta  aurrekontuen gaia “eztabaida politikotik atera” gura dutela dio, “Durangok bizi duen egoera ekonomiko kritikoa ezkutatuz”. Izan ere, Maezturen arabera, “diru sarreren eta gastuen artean hiru milioi euroko desfasea dago gaur egun udalean”.


Krisi ekonomiko globala faktoreetako bat dela onartuta ere  egoera hori gobernu taldearen “kudeaketa ezin hutsalagoaren” ondorioa dela azaldu du. Batetik azken urteetan “obra publikoetan izan diren desfaseak” salatu dituzte, udal igerileku publikoena esaterako: “Hasierako aurrekontua zazpi milioi eurokoa zen eta azkenean 12 milioi eurora heldu ziren. Baina hori gutxi balitz, igerilekuen funtzionamendu egokia ahalbidetzeko konponketak egin behar izan dira harrezkero, 340.000 euroko gastua eraginez. Gastu horretako zatirik handiena enpresek egindako hutsak dira eta gobernu taldearen aldetik ez dugu inongo asmorik ikusten enpresei dirua erreklamatzeko”. Hiru urtean ordenantza fiskalak izoztu izana ere ez dute erabaki egokitzat ikusi: “Diru sarrerak ez dira igo, baina ohiko gastuek igotzen jarraitu dute KPIaren arabera”.


Horiek horrela, eskakizun bi dituzte. Beharrezko ikusten duten gobernu taldearan aldetik “benetako egoeraren azalpen bat herritarrei”; era berean, aurrekontuen zirriborroa aurkeztu dezakela eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!