Kutxazain eta kutxa gotorrak lur publikoan erabiltzearren bankuei ezartzen dien tasa %8 igo du udalak. 2012an instalazio bakoitzarengatik 577,70 euro ordainduko ditu banketxe bakoitzak. Pilar Ríos zinegotziak jakitera eman duenez "PSE-EEren ekimenez onartu da igoera".
Tasa hau 2010ean ezarri zuen udalak PSE-EEren ekimenez Ríosek azaldu duenez. 18.498,48 euro batu dituzte urte bi hauetan 14 kutxazain eta hiru kutxa gotorri esker. "Zerga honen jarraipena egin genuen eta konturatu ginen kutxazainei aplikatzen zitzaiela, baina ez kutxa gotorrei, diote sozialistek". Udala informatu zuten eta atzeraeraginezko ordainketa egin zuten.
Bankuei zuzendutako presio fiskala haunditzea eta krisiak gehien eragiten dienei laguntzea dela sozialisten asmoa azaldu du Riosek. "Errenta txikiagoa dutenei zama hori bajatzea da asmoa ikuspuntu solidario batetik pertsona fisiko eta juridikoek bakoitzaren kapazitate ekonomikoaren arabera zerbitzu publikoak mantentzeko". Kaltetuenak komertzio txikiak eta ostalaritza direla azaldu du zinegotziak: "Aurkeztu ditugun zortzi emendakinak onartu dira. Horietako batean zabor eta estolderia tasa beraientzako izoztea izan da". Langabetuei ere lagundu behar zaiela gaineratu dute. "langabetuendako zaborren tasa euro bat hilean izango da".