"Petrolio-ontzietako plataformetan ere ibiltzen nintzen bizikletan"

Anboto 2011ko abe. 18a, 09:14

Kanaria aldeko proba batean urrea lortu du Sebas Zarrabeitia zikloturistak; aspalditik datorkio txirrindularitzarako zaletasuna

 

Kanaria aldeko proba batean urrea lortu du Sebas Zarrabeitia zikloturistak; aspalditik datorkio txirrindularitzarako zaletasuna.

 

Maspalomasen, Kanariar Irletan, ibili da azkeneko 15 egunetan Sebas Zarrabeitia durangarra. Zikloturista da afizioz, eta horretan jardutera joan da bertara. Hainbat etapatan parte hartu du, eta mendate esanguratsu bezain gogor bat igotzeko aukera eduki du. Urrea lortu du eta pozik dago bizitako esperientziagaz. Aspalditik darama sartuta txirrindularitzarako zaletasuna; beretzat droga modukoa dela dio. Iurretako taldeko partaidea da.

 

Kanariar Irletatik etorri berria zara. Kontaiguzu zelan ibili zaren.

Aurrejubilatuta nagoenez, 15 egunerako joan naiz, astebeteko egonaldia garesti irtetzen zela-eta. Han ikusi dudana da probak ez direla hemen legez elkarteen bueltan antolatzen. Bost etapa zikloturista izan dira; tartean, Pico de las Nieves deitzen den mendatera igoera. Esperientzia ona izan da; gainera, nik ez nuen ezagutzen proba, lehen aldia zen niretzat.

 

Zelakoa egin zaizu Pico de las Nieveseko igoera hori?

Oso gogorra. 23 kilometro dira, besteak beste %23 eta %20ko portzentaiekin. 140 txirindularik irten genuen egun horretan, eta jende ona zegoen tartean. Atzerritar ugari zegoen. Zelako bizikletak, zelako trasteak... Gazte batzuekin hasi nintzen igotzen, baina kateagaz arazo bat eduki nuen eta azkenean bakarrik ekin behar izan nion goraino. Hotz egiten zuen goian, 2.000 metrora dago-eta. Baina ondo. Izan ere, 54 urte arteko mailako lauk urrea lortu genuen. Gazteak, gu baino txarrago, beraz (barrez). Giro ona egon zen.

 

Denbora ona egingo zenuen urrea eskuratzeko...

Bakarrik nindoanez, jendeak esaten zidan oso ondo nindoala, baina ez nuen sinesten. 1.47-ko denbora behar izan nuen, eta gure adinekoen artean 2.10ean zegoen muga urrea lortzeko. Nik 54 urte artekoetan eskuratu nuen denbora horregaz. Marino Lejarretak 1.41 behar izan zuen duela urte batzuk. Marino lako batek sei minutu bakarrik atera dizkit! (barrez). Claudio Chiappuccik berak 1.23an egin zuen.

 

Euskaldun askogaz egingo zenuen topo han...

 

Arabarrak, gipuzkoarrak... Jende piloa ibili da. 80 urtetik gorako arabar bat ezagutu dut. Segituan igartzen da, gainera, maillotekin-eta. Ni, izenagatik baino, Iurretagatik ezagutu eta deitu naute. Maillot bat eman ziguten hasieran, itzelezko bandera espainiar eta guzti. Baina ni elkartekoagaz joan naizenez, beragaz ibili naiz.

 

 

Esfortzutik errekuperatzeko zer egiten izan duzu?

Arroza, pasta eta fruitu asko jan dut, adibidez. Gainera, 15 egun han egonda, sukaldean neuk egin dut jatekoa; ez dut eduki arazorik. Hori bai, esango nuke gorantza igo diren asko ez direla kafesneagaz bakarrik joan!

 

Gaztetan ere kanpora joateakoa izan zinen, baina ez bizikletan ibiltzera.

Ezkondu baino lehenago soldaduska egin nuen. Orduan ez zegoen  intsumisio eta antzekorik, eta joan egin behar izaten zen. Leku txarrera joan baino, bururatu zitzaidan bolondres aurkeztea abiaziora, Zaragozan. Mallorcako Palmara bidali ninduten, baina amerikarren base bat zegoen Elizondon, eta azkenean bertan geratzea lortu genuen hemengoek. Soldaduska amaituta, itsasora joan nintzen, petrolio-ontzietara. Akordatzen naiz zelan ibiltzen nintzen bizikletan petrolio- ontzietako plataformetan: buelta osoa betez kilometro erdi egiten nuen, 250 metro zeudelako popatik brankara. Kapitainek-eta zelako barreak egiten zituzten nigaz! Zoratuta nengoela esaten zuten.

 

Gero, normalean, mendiko bizikletagaz ibili izan zara.

Taldetxo bat geneukan, eta 1991n Santiagoko bidea egiten hasi ginen. 1992an Sevillako Expora ere joan ginen. Baina nire adinekoek zera egin dute jada: badakizu, bizimodu ona eta tripa handia bota. Iurretako Txirrindulari Elkartekoak betidanik ezagutu izan ditut, nahiz eta hauek errepideko bizikletagaz ibili. Orain dela urte bi hasi nintzen eurekin taldean, oso gustura.

 

Afizio handikoa zara, beraz.

Niretzat kirola droga modukoa da. Ez badut zerbait egiten gorputza urduri-edo edukitzen dut, eta ibili ondoren, aldiz, adrenalina guztia botata mantso-mantso egoten naiz. Edozelan ere, Maspalomasen ikusi dut nire aldean afizio handiagoko jendea; ia lo ere bizikletagaz egiten duen jendea dago! (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!