Durangoko Turismo Bulegoak, Frai Juan Zumarraga Institutuko ikasle talde baten laguntzaz, BTT zaleentzako hamar ibilbidez osatutako liburua argitaratu du.
Abuztuan ibilbide horiek www.durango-udala.net/turismo gunean ikusgai ipini zituzten, eta orain paperean ere eskuratu daitezke.
Mikel Laskurain Frai Juan Zumarragako irakaslea koordinatzaile dutela, Jon Landa, Itziar Hernando, Peio Goikoetxea eta Ander Txopitea ikasleen lanari esker sortu dira ibilbideak. Durangotik irten eta Anboto, Mugarra, Atxarte, Saibi eta Oiz mendietan zeharrekoak dira ibilbideak; laburrena ordubete eta 45 minutukoa da, eta luzeena, berriz, lau ordukoa. Durangoko udaleko webgunetik ibilbide horien track-ak eta waipoint-ak deskargatu daitezke, ibilbideko xehetasunekin.