Durangoko Azokaren aurtengo edizioa amaituta, Txelu Angoitia argazkilariaren ikuspegitik egin gura izan dugu egunotako errepasoa.
Energia kolektiboa. Horixe da Azoka Txelu Angoitiarentzat. Goizetik gauera kamera eskuan ikusi ahal izan dugu, erretratu indartsu eta desberdinak landu guran. Bere eguneroko argazki-sorta Landako Gunean eta inguruan jazo denaren laburpen bisuala da. Lan gogorra dela dio, eta ez duela astirik edukitzen eskaintzaz gozatzeko. Edozelan ere, Azokaren garrantziaz barrutik egin digu berba argazkizaletasuna familiatik datorkion durangar honek.
Hasi orduko joan da Azoka. Zelan ikusi duzu aurtengo edizioa?
Azoka prozesu estrategiko batean eta etorkizunera begira dagoela somatu dut. Aurten, nire ustez, zabaltzen hasi garen bide berriak igartzen hasi dira, nahiz eta beharbada oraindino ez izan espektakularrak.
Azokaren xehetasunetan gehien fijatzen denetakoa izango zarela suposatzen dut...
Beharbada neu izango naiz ordu gehien sartzen dituena. Hori bai! (barrez). Azkenean detaileetan fijatzen zara, bai. Behin bazatoz hona, ageriko gauzak ateratzen dituzu. Bigarrenean ez hain bistakoak direnetan, eta ia hamar urte badaramatzazu hemen, gauza berriak ikusteko esfortzu handia egin behar duzu. Bestela, beti agerikoa eta errepikakorra da. Esfortzua hori da, gauza berriak topatzea edo behintzat ikuspuntu desberdin bat bilatzea.
Atera duzun argazkiren bat badaukazu gogoan?
Atera ditudanetik baino, egiteko dudana aipatuko dizut. Orain bost bat urte horixe galdetu zidaten beste elkarrizketa batean, eta erantzunak oraindino ere balio du: Joseba Sarrionandiari argazkia, bere liburua Azokan sinatzen dagoela. Uste dut momentu honetan hurrago nagoela argazki hori egitetik. Hori lortu arte, behintzat, saiatuko naiz Azokan segitzen.
Hemen hainbeste ordu egonda, zer sentsazio jasotzen duzu?
Batez ere, Azoka euskal kulturaren eta euskaldunen topagune dela. Hori da niretzat inportanteena. Horretaz gainera, egun hauetan somatzen dudana da energia kolektibo bat; txikitatik nabaritu izan dut. Energia-giro hori kutsakorra da, eta lan gogorreko egun hauei eusten laguntzen dizu.
Ez dakit inoiz kalkulatu duzun Azoka batean zenbat erretratu atera ote duzun.
Idearik ere ez. Gero erabiltzen diren argazkien kopurua txikia da. Baina milaka izango dira, segurutik. Eguneko 500 eta 1.000 artean izango dira; gero 20 bat aprobetxatzen dira: horrelakoa da ofizioa.
Zure kontsulta edo erosketak egiteko ere hartuko duzu tarteren bat, ezta?
Ez. Aurten, adibidez, ez dut stand bat ere ikusi. Izan ere, liburuak baino argazkiak topatzeko begiratzen dut. Nik uste Gerediagakook ez daukagula astirik ez saltokiak ikusteko edo ez ezer erosteko. Gu gara bezero txarrenak (barrez).
Gaur egun ‘Astola’ aldizkariko koordinatzaile ere bazabiltza.
Oso esperientzia polita da. Izan ere, lan aldetik oso libre sentitzen naiz. Talde bat gaude horretan; geuk erabakitzen dugu zer atera eta gero gaiaz dakienagaz batzen gara. Produktu oso zorrotza eta aldi berean bisualki erakargarria egiten saiatzen gara. Oso gustura nabil.
Zer barneratu behar du argazki on batek?
Badago jendea akaso gehiago fijatzen dena teknika aldetik ondo dagoen: kolorea, konposizioa... Halako gauzak. Nire ustez, argazki batek tripetan zer edo zer sortu behar du ikustean. Zer edo zer magikoa sortzen badu, berdin da teknika ona ez izatea. Halako bat lortzeko asko atera behar dira. Diamanteen bilatzaileak urteak eta urteak harribitxiaren atzetik dabiltzan moduan gabiltza argazkilariok ere.
Ezer gehitzekorik?
Durangoko Udalak ez dakit zer punturaino ikusten duen Azoka gauza estrategiko bat izan daitekeela; ez Azoka bakarrik, bertatik sortu daitekeen proiektu handia baizik. Azken batean, Durango papelera usainagatik eta Azokagatik da ezagun. Euskal Herri mailan indar handia du Azokak, eta hemendik kanpora ere izan dezake. Ez dut ulertzen Euskal Herriko turismo bulego guztietan zergatik ez duten esaten hemen eskaintza handiko azoka bat dagoela. Edozein antzerki jardunaldi, esaterako, Estatu osoan entzuten da. Beharbada, Gerediagaren lana ere bada Azoka kanpoan ezagutzera ematea.