Durangoko Udal Euskaltegiak 25 urte bete dituela-eta, urteurren jaia antolatu dute abenduaren 15erako, 19:30ean, San Agustin kulturgunean.
Urte hauetan euskaltegitik pasatu diren ikasleak, irakasleak, politikoak, euskara elkarteak, hasieran martxan jarri zutenak e.a. gonbidatu dituzte ekitaldira. Jon Kepa Garro Udal Euskaltegiko lehendakariak eta Joserra Agirreurreta lehenengo zuzendariak jaialdian parte hartuko dutela azaldu dute euskaltegitik. Aitziber Irigoras Durangoko alkatea ere bertaratuko da. Sarreraren ondoren, euskaltegiaren 25 urteak islatzen dituen argazki emanaldia eskainiko dute. Bertaratzen direnen argazkia atera ondoren, luntxa eskainiko dute. “Jaialdia denok elkartzeko aitzakia izango da”, azaldu du Maite Euba euskaltegiko zuzendariak.