Bilduk eta Aralarrek presoen alde mobilizatzera deitu dute

Anboto 2011ko abe. 7a, 16:13

Zinegotziek abenduaren 16ko presoen aldeko baraualdian parte hartuko dute. Urtarrilaren 7ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

Bilduko eta Aralarreko zinegotziek euskal presoen eskubideen inguruan prentsaurrekoa eman dute asteon. Bilduko Urdaspal Bolinaga eta Aralarreko Dani Maeztu zinegotziek azaldu dutenez, “une historikoa bizi dugu Euskal Herrian, ETAk borroka armatua behin betiko uzteko hartutako konpromisoagaz”. Azaldu dutenez, normalizazio politikora bidean eman beharreko urratsetan, besteak beste, “euskal preso politikoen eskubideen errespetua bermatu behar da”.

 

Alde horretatik, bi alderdiek hainbat konpromiso hartu dituztela jakitera eman dute. Preso politikoen eskubideen errespetua aldarrikatu dute: “Dispertsioaren amaiera, preso guztiak Euskal Herriratzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta zigorra beteta dutenak askatzea”.

 

Bestalde, datorren urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioagaz bat egin dute eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu dieteDurangoko eragile guztiei. Mobilizazio horren harira, abenduaren 16an udaleko hautetsiek baraualdia egin eta eguerdiko 12:00etan kontzentrazioa egingo dute.

 

Herritarrei deialdi zabal eta anitza luzatu diete bi alderdiek “ezberdintasun politiko guztien gainetik, giza eskubideen alde urratsa eman eta herri honek inoiz ezagutu duen mobilizaziorik handiena denon artean osatu dezagun”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!