"Munduan ez da herrialderik nire zahatoren bat ez dagoenik"

Anboto 2011ko abe. 3a, 09:07

Mariano Santa Cruz 1938an jaio zen Gasteizen, eta ia bizi osoa botagile lanetan eman du; bizi osoko dedikazioari eskainitako Artetsu Saria jasoko du

\"\"Mariano Santa Cruz 1938an jaio zen Gasteizen, eta ia bizi osoa botagile lanetan eman du;  bizi osoko dedikazioari eskainitako Artetsu Saria jasoko du.


 

Nondik datorkizu botagile ofizioa?
Nire aitak 1939an zabaldu zuen Gasteizen bota edo zahato denda. Ni 11 urtegaz hasi nintzen aitagaz lanean. Geldirik egon ezin zen gaztetxo horietakoa nintzen, eta uste nuen eskolatik libratzeko modu egokia zela aitaren dendan hastea. Baina ez! Aitak ez zuen nik ikasketak uzterik gura eta eskolara joatera behartu ninduen. Beraz, bietan jarraitu nuen: eskolan eta aitaren dendan. 15 bat urtegaz hasi nintzen dedikazio handiagoan. Botagile lana ez da hiru hilean ikasten, denbora eskatzen du. Larrua prestatzeak edo hondatuta dagoena berrizteak, esaterako, bere teknika du, eta ikasketa prozesu bat eskatzen du ondo menperatu aurretik.


Zer larru erabili izan duzu?
Ahuntzaren larrua. Horixe da balio duen bakarra. Behiarenak ez du balio, lodiera handia duelako. Ahuntzarena ez da hain lodia eta benetan gogorra da. Bizirik 20 kilo pisatzen dituen ahuntzaren larruaren ahalmena 100 litro ingurukoa da.


Botagile ofizioan margotzen ere jakin behar da, ezta?
Bai. Bezeroek zahatoak egiteko eskatu izan didatenean, euretako askok zahato pertsonalizatuak gura izan dituzte; Alavesen ezkutuagaz, adibidez. Pinturako nozioak ere behar dira.


Azoka askotan izan zara?
Hamaika azokatan! Eta harrigarria badirudi ere, Arabako azoketan ibili naiz gutxien, herri txikiak daudelako-edo. Bizkaian eta Gipuzkoan azoka askotan parte hartu dut.


Gogoan duzu egindako zahato bereziren bat?
Baditut batzuk, bai. Munduan ez da herrialderik egongo nire zahato bat, gutxienez, ez dagoenik: Australia, Japon, Ameriketako Estatu Batuak, Hego Amerika… Berezien artean gogoan dut orain 30 bat urte, Gasteizko La Blanca jaietan, koadrila denek 14 litro eta handik gorako zahatoak eramaten zituztela. Gaur egun hori galdu egin da; garagardoa, kalimotxoa eta horrelakoak edaten dituzte, eta ez ardoa. Beste behin, Tarragonako tabernari batek 20 litroko zahatoa eskatu zidan. Ardoz bete eta apustuak egiteko gura zuen; nork dena edan, nor kantitate bat edan alkandora zikindu barik…


Euskal Denda artisautzarentzat garrantzitsua da?

Duda barik. Artisautza azokek mantendu dute bizirik eta, batez ere, Euskal Dendak. Artisautzari balioa eman dio. Sarritan artisauen lanak ez dira baloratzen. Gure lan denak bakarrak dira; antzerako mila egiten ditugula bata bestearen atzetik? Sarritan bai, baina denak bakarrak dira.


Hamarkada batean Arbasoren ordezkaria izan zara Araban?

Dedikazioa eskatu izan dit, baina gustura egin dudan lana da. Batzarretara Durangoraino etorri, ekimenak prestatu… lan asko egin behar da. Hala ere, zera esan gura dut: beti lehenengo planoan lanean egon dena Bernat Vidal da. Nik eta beste askok ahal dugun denean lagundu diogu, bere aginduetara ibili gara. Oso gizon dinamikoa da, beti hamaika ideia ditu buruan bueltaka..


Artetsu Saria jasoko duzu...
Ilusio handiz jasoko dut, gainera. Bizi osoko lanari emandako sari bat jasotzea beti da pozgarria. Eskerrak eman gura ditut.

 

Artetsu Saria

19:30ean, Arbaso elkarteak Artetsu sariak banatuko ditu, San Agustin kultur gunean egingo duten ekitaldian. Aurten seigarren aldia egingo dute.

 

Bizi osoko lanari ematen dioten saria Mariano Santa Cruzek jasoko du. 73 urteko gasteiztarrak botagile jardun du ia bizitza osoan, eta hein handian botagile ofizioa berak mantendu du bizirik oraintsura arte.


Erakundeei zuzendutako saria Bediako Udalak jasoko du. Hango azokak “urte gogorrak” igaro dituen arren azken urteetan biziberritzea lortu dute; “emaitza oso onekin, gainera”, Bernat Vidalen berbetan.

 

Hedabideen ataleko saria RNEko kazetari Mercedes Fernándezi emango diote. Joan zen udan Bizkaiko artisautzari buruzko “lan interesgarria” egin zuen, eta horregatik sarituko du Arbaso elkarteak.

 

Laugarren sari bat ere emango dute, baina ez dute sarituaren izenik jakinarazi oraindik: “Sorpresa bat izan dadin gura dugu”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!