Udalsarea osatzen duten 195 udaletatik 45 udalerritan Tokiko Agenda XXIaren ebaluazioa egin dute.
Jasangarritasunerako udalerrien euskal sareak Tokiko Agenda XXIaren egitasmoa lantzen ari diren 195 udalerri ditu bere baitan. Horietako 45 udalerriren Tokiko Agenda XXIaren ebaluazioa egin dute eta Durangori 8,1-eko puntuazioa eman diote. Aitziber Irigoras alkatea “oso pozik” agertu da emaitzagaz eta politikari, alderdi eta teknikarien lanagaz batera, “bereziki herritarren laguntza, borondatea eta parte hartzea azpimarratu gura ditugu”.
2012ko urtarrilean Agenda Lokal XXI-eko bigarren plana lantzen hasiko direla aurreratu dute. Aurreko plana lau urterakoa izan da eta hurrengoak epe luzeagoa izango duela aurreratu dute. Agenda Lokal XXIeko teknikari Aitor Larruzeak azaldu duenez, Udalsareak laster emango ditu jakitera ebaluazioko datu guztiak, baina “lehen hiru postuetatik behera ez garela egongo esango nuke”. Joan zen astean CONAMA jasangarritasunaren inguruko udalerrien topeketan izan ziren eta “han ikusitakoaren arabera Euskal Herri mailan ez ezik Estatu mailan ere erreferente gara, batez ere gure parte hartze sistemagatik”.
Udalsareak bost eremu aztertu eta puntuatu ditu. Lehena Agenda Local XXIaren ekintzak diseinatzerako eta praktikan ipintzerako orduan udal egituretako jarduera edo funtzionamenduan zer garrantzia estrategiko izan duten puntuatu dute; arlo horretan 8,41 jaso du Durangok.
Bigarren, planaren zeharkakotasuna aztertu dute, hau da, plana eta ekintzak ingurugiroaren arlora bakarrik mugatu diren edo udal jarduerako sail denetara zabaldu diren; arlo horretan 8,45eko puntuazioa jaso du.
Hirugarren, Agenda Lokal XXI prozesuaren parte hartze maila ebaluatu dute eta arlo horretan 8,57 izan da Durangoren puntuazioa.
Laugarren, ekintzen gauzatze mailaren alorrean lortu dute puntuaziorik altuena (9,3) planen %85a oso aurreratuta edo amaituta daudelako.
Azkenik, puntuaziorik baxuena bosgarren atalean lortu dute, jasangarritasunean (5,78): “Zati bat gure erantzukizuna da, baina beste zati handi bat ez. Etxebizitza kantitatea faktore estrukturala da eta zerbitzu sozialak direnak dira, gure nahi duguna izan zein ez”, arrazoitu du Irigorasek.
Adierazi duenez, Durango beste hainbat herri baino beranduago sartu zen prozesuan eta “ahalegin handia egin dugu, bai ekintza kantitateari eta euren kalitateari dagokionez”.