"Erakustaldiekin zuzenean ikusiko dute zelan lan egiten dugun"

Anboto 2011ko abe. 3a, 09:00

\'Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua\' leloagaz hiru artisau ageri dira aurtengo Euskal Dendaren kartelean: Igor Obeso beiragintzako artisaua, Amaia Conde zur langilea eta Alex González buztingilea

\"\"‘Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua’ leloagaz hiru artisau ageri dira aurtengo Euskal Dendaren kartelean: Igor Obeso beiragintzako artisaua, Amaia Conde zur langilea eta Alex González buztingilea.

 

Zer erakutsiko duzue Euskal Dendan?
Alex González: Nire lankideen antzera egunero egingo ditut erakustaldiak. Lanak zuzenean egiteak balio erantsia du, jendeak bertatik bertara jarritu dezake-eta prozesua.
Igor Obeso: Beira puztuaren demostrazioa egingo dut. Askotan etorri naiz Euskal Dendara, baina lehenengoz egingo dut erakustaldia. Uste dut jendeak gustura ikusiko duela prozesua. Gainera, erakustaldiak modu didaktikoan egiten saiatuko naiz.
Amaia Conde: Iaz lehenengoz etorri nintzen Euskal Dendara. Aurten erakustaldia egin nezakeen eskatu nuen, eta pozik arituko naiz. Jendeagazko hartu-eman hori atsegin dut; dudak galdetzen dizkizute, interesa erakusten dute eta gogoko dut gure lanaren nondik norakoak azaltzea.


Zenbat denbora daramazue zuen ogibidean?
A.C.: Orain hiru urte hartu nuen artisautza ogibide legez, baina zura lantzen urte asko daramat, 15 urte nituenetik. Sasoi hartan nire zaletasun handiena zen. Ondoren, zuraren lanketa
hobbie-a baino gehiago izatea gura nuela erabaki eta orain bost urte formakuntza serioari ekin nion. Orain enpresa txiki baten jabe naiz.
I.O.: 14 daramatzat ofizio honetan. Iparraldean urte bi eman nituen, aprendiz moduan. Ondoren, Txekiar Errepublikan eta  Palman jarraitu nuen formakuntza. Harrezkero, nire tailerrean lanean nabil. Nire arloan ikerketa egiten saiatzen naiz, urtero produktu berriak atera ahal izateko. Formazioa ez da sekula amaitzen. Besteek zer egiten duten ikusi, neurea erakutsi…
A.G.: Nik 32 urte daramatzat. Pilar Alvarez eta Angel Garrazaren eskolan hasi nintzen. Igorrek ondo dioen moduan, gure formakuntza ez da sekula ere amaitzen, eta ni ere beti ikasten eta nire jakintza aberasten ahalegintzen naiz.


Igor, zure formakuntza Europan osatu zenuen.
I.O.: Euskal Herrian burdin, zur eta zeramika arloko mundua zabalagoa da. Nire arloan, tamalez, bakarra nintzen eta kanpora jo behar izan zuen. Txekiar Errepublika eta inguruetara joan nintzen, tradizio handia dagoelako eta lantegi asko daudelako. Gaur egun estatu mailan ere hamar bat gara beira puzten dugunak, eta badugu jakintza elkarbanatzeko joera.


Gaitza al da gaur egun artisautza munduan abangoardista izatea?
A.G.: Ideia eta produktu berriek ez dute berehalako emaitza ematen, apurka-apurka joaten dira txertatzen. Bestalde, nire kasuan, diseinu batzuk nireak dira eta beste batzuk bezeroek eskatutakoaren oinarrian garatuak. Ondoren, ideia horietako batzuek arrakasta izango dute edo bide bat egingo dute, eta beste batzuek ez, edozein ofiziotan moduan.
A.C.: Berrikuntzarako ahalmena edo berritzeko nahia artisau bakoitzaren araberakoa da. Zuraren kasuan, batzuk eroso sentitzen dira artisautza tradizionalean; argizaiolak edo kutxak egiten, esaterako. Niri probak egitea gustatzen zait; teknika berri bat ez bada, material edo diseinu berriak. Nik horrela ikusten dut nire ofizioa.
I.O.: Ideia edo produktu berri solteak baino, apurka-apurka ofizioa barneratzeak du benetako balioa. Dedikazioa eskaini, orduak eman eta ofizioa ulertu. Hori egin ondoren ikusten dut nik berrikuntzarako pausoa; bestela, urrats hutsalak dira, kanpotik zerbait dela diruditenak baina barrutik hutsik daudenak. Artisautzaren balioa urteetan garatu den jakintza zeure egitean dago, eta ondoren hori guztia zeure ideia berriei edo bezeroen eskakizunei aplikatzean. Ezin zara ofizio batean edozelan hasi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!