Artisautza bertatik bertara bizitzeko aukera Durangon

Anboto 2011ko abe. 4a, 09:00

Egunera arte egongo da zabalik merkatu plazan Euskal Denda. Aurten 66 postu ipiniko dituzte Euskal Herriko eta Galiziako artisauak gertutik ezagutzeko

\"\"

\'Nire tailerra, nire ogibidea, nire bizimodua\' leloagaz zabalduko dute gaur merkatu plazan, Euskal Denda. Aurten hamaseigarrenez artisautzaren unibertsoa Merkatu Plazan kontzentratuko da gaurtik eguenera. Inaugurazio ofiziala 12:00etan, egingo dute.

 


Aurten 66 postu ipiniko dituzte Merkatu Plazako luze-zabalean, eta horietatik 50 euskal artisautzari lotutakoak izango dira. Ohi duten legez, bizkaitarrek gehiengoa izango dute: 27; Gipuzkoak 13 izango ditu; Nafarroak sei; Arabak 2 eta Lapurdik eta Nafarroa Beherak bana.

 


Produktuei dagokienez, gehienak, bederatzi, agroalimentazioaren gainekoak izango dira; zortzi beiraren ingurukoak, eta metalak eta zeramikak zazpina postu beteko dituzte. Ehungintza, zurgintza, kosmetika zein larruaren gaineko postuek ere izango dute euren txokoa.

 


Postu horietatik zazpik Durangaldean dute jatorria: RestaurArte, Nekane Aira bitxigilea Juan Unzueta otzaragilea, Eneko Unzalu bitxigilea, Bernat Vidal hargina eta Jaialdi jantzi tradizionalak. Gainera, aurten nobedadea izango dira nekazaritzako elikagaien produktoreak. Artisau hasiberriak ere etorriko dira, Euskal Dendan lehenengoz parte hartuko dutenak: Iker by Aker beiragile bizkaitarra, Eskulan beiragile eibartarra eta Textone zuhaitzetako hostoetik artelanak egiten dituen tailerra.

 


Euskal Dendaren helburu nagusia “artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da, beti ere, Euskal Herrian egindakoaren zigiluaz”, Bernat Vidal Arbaso elkarteko presidentearen esanetan. Izan ere, krisi garai honetan, “profesional hauek biziraungo badute, beharrezkoa da artisauen lanak bertatik bertara ikusaraztea”.

 


Euskal Denda egingo den egunetan, hainbat ekintza ludiko antolatuko dituzte azoka barruan. Horrela, bisitariek aukera izango dute, artisauekin batera jardunez, haien mundua ezagutzeko. Gaztetxoentzako tailerrak ere aukeran egongo dira ofizioa probatu gura duenarentzat.

 


Bestalde, aurten ere Azokara doazenek eta produkturen bat erosten dutenek standik onenaren lehiaketan parte hartu ahalko dute. Ordenagailuz eman ahal izango dute botoa. Iaz Portugaleteko Clota txotxongilo eta marioneten postuak irabazi zuen publikoaren saria. Arbaso elkarteak banatu zuen saria, berriz, RestaurArtek jaso zuen.
Euskal Denda goizez zein arratsaldez egongo da zabalik, hilaren 8ra arte, eta sarrera 1,20 euro izango da.

 

Galizia da herrialde gonbidatu Euskal Dendan ere

 

Urtero herrialde berri bateko artisautza ezagutzeko aukera eskaintzen du Euskal Dendak. Aurten Galizian zer eta zelan egiten den bertatik bertara ikusi ahalko da Merkatu Plazan, hangoak diren edo han bizi diren sei artisau etorriko dira-eta. Erakustaldiak egingo dituzte, eta euren lanekin osatuta egongo da sarrerako erakusketa.

 


Honako hauek dira Durangora etorriko diren artisauak: Idoia Cuesta (akzezita irabazi du artisautzaren ariketa nazionaleko berrikuntzen atalean), Rosa Mendez (beira lantzailea),Nebra (gaitak eta zanfonak), Sirves 31 (Soinu tresnak), Santin (larru lantzailea) eta Cerámica Unzueta. Bisitariek euren lan egiteko modua ikusiko dute, eta dudak argitzeko aukera ere eskainiko diete.

 


Iaz Kurdistan izan zen herrialde gonbidatua, eta bertako artisauak ekartzeko zailtasunak izan zituzten, munduko zonalde hartan bizi duten egoeragatik. “Ekimena ez zen guk itxaroten genuen moduan irten”. Aurten ez da horrelako arazorik egongo: “Galiziako artisau elkarteari deitu eta prestutasun osoa erakutsi ziguten. Egun bitan egin zituzten gestioak. “Esker oneko gaude”, dio Bernat Vidalek.

 

ORDUTEGIA
Egunero:
11:00-14:30 / 16:30-21:00
Larunbata, 3: 19:00ak arte
Osteguna, 8: 20:00ak arte

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!