Gobernu Taldeak "proiektu politikorik ez duela" agerian utzi du 2012rako ordenantza fiskalen eztabaidak Aralarren ustean. "Gabezia nabarmenak" aipatu ditu eta hutsik dauden etxebizitzei "karga berezia" jartzeko proposamena atzera botatzeko aitzaki moduan "duda juridikoa" jarri izana salatu du Aralarrek.
Ordenantza fiskalak ez ukitzeko erabakia "egoera ekonomikoan" oinarritu izan du Gobernu Taldeak Aralarren esanetan: "Aurten, berriz, azken 20 urteetako langabezia handiena dugunean, zerga eta tasak igotzeko erabakia hartu dute. Lehen populismoa egiten ziharduen eta, orain, guztiz ito gura dituzte durangarrak". Beste arrazoi garrantzitsu bat ere badagoela dio Aralarrek: "Aurreko urteetan PPren botoak gura zituen Gobernu Taldeak, PPren eskutik ez zituen igotzen zerga eta tasak. Orain, PSE-EEren botoekin jokatzen du".
Aralarrek ohar baten nabarmendu duenez, "erizpide argi eta koherente gabe" jarduten du, "eta horixe da hain zuzen ere Gobernu Taldeari eskatzen zaiona: erizpide argiak izatea eta politika koherentea egitea".
Aralarrek uste du zergetan "progresibitatea" aplikatu behar dela, eta horretarako arau foralak ezartzen dituen bonifikazioak erabili behar direla. Gobernu Taldeak azken urteetan egin duenaren aurka daudela adierazi dute: "guztiei igotzea edo guztiei izoztea ez da konponbidea". Gobernu Taldearen proposamenari zenbait zuzenketa sartu dizkio Aralarrek. Zerga batzuk ordainketa zatikatuaren bitartez ordaintzerako orduan atzerapenik badago interesik ez kobratzea, batetik, eta, bestetik, telefonia enpresei euren azpiegiturak ezartzeagatik tasak ordaintzea behartzen dituen ordenantza aldatzea, dituzten bezero eta mozkinen arabera ordaintze aldera. Biak onartu ditu Gobernu Taldeak.
Hirugarren proposamen bat, baina, atzera bota du Aralarrek azaldu duenez: zaborra batzeko zerbitzuagatik hutsik dauden etxebizitzengatik 250 euroko tasa ordaintzea. "Hori da etxebizitza hutsei zerga jartzeko modu bakarra, Aldundiak foru araua aldatzeko erabakia hartu arte. "Horretarako duda juridikoa aipatu dute, baina, errealitatea da gobernuak ez duela gura Durangoko etxebizitza hutsak zergapetzea".